Jean Pierre Ixtilarte Larreko bertsulari zenaren oroitzapena ez da zorionez berehala itzaliko, Herriko Etxea eraikitzen ari den ikusgarri gela berriari berriki zendu den koplariaren izena emanen baitiote. Larreko kultur areto berria Gantxiki trinketea eta ezker paretaren ondoan altxatzen ari dira. Lehen harria uztailean eman zuten hautetsiek. Ekitaldian andere auzapezak azpimarratu zuen bururatzen ari den agintaldian hitz eman zuten azken proiektua dela eta bere taldeak baizik ez duela horren alde egin. Christine Bessonartek dio gela anitza izanen dela mota guzietako ikusgarriak antolatzeko gisan. Herritarren arteko harremanak eta garapen ekonomikoa eta kulturalak sustatuko ditu 2014ko abuztuan estrenatuko den gelak.
300 metro koadroko gelak 330 ikusle hartzen ahalko ditu eta taula aski haundia izanen du 20 metroko zabalera eta 12 metroko sakonera izanen baititu. Hautetsien arabera, Karrika Nagusia berpizteko balio izanen du azpiegitura berri hunek. Hiru milioi eta erdi euro gostako da Larreko gela berria eta Herriko Etxeak espero du diru laguntzak eskuratzea Akitania eta Pirinio Atlantikoetako lurralde gobernuengandik.
DATUA
3,5
MILIOI EURO
gostako da
Larreko gela berria.