Beste urte batez, lau egunez herriko festak ospatu ditugu abuztuan. Hilaren 14ko gauean egindako afaria eta ondoko dantzaldia izan ziren festei hasiera eman zieten ekitaldiak.
Egun handian, Meza Nagusiaren ondotik, Rekondo eta Olasagastik aizkora saioa eskaini zuten eta bigarrena nagusitu zen. Arratsaldean pilota partidak jokatu zituzten eta goizaldeko 3ak arte musika izan zen. Egunik indartsuena, hala ere, larunbatekoa izan zen. Alde batetik, mus txapelketa jokatu zen eta Xabi eta Ramon izan ziren txapeldunak. Jose Luis eta Oskar bigarren gelditu ziren, Bautista eta Migel hirugarren eta Leire eta Arantxa ahizpak laugarren.
Arratsaldean, Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa jokatu zen. Hasiera batean, bost aizkolari aritzekoak ziren, baina azkenean Zigako Joxean Etxeberriak ezin izan zuen parte hartu gaixorik zegoelako. 45 ontzako lau enbor eta bi kanaerdiko moztu behar izan zituzten eta Iker Vicente otsagabiarra nagusitu zen, Bizkaiko Julen Larrea bigarren gelditu zen, Arostegiko Oier Kañamares hirugarren eta Aitor Jauregi laugarren. Herri Kiroletako lehendakaria eta Ezkurrako alkatea arduratu ziren garaikurrak eta txapela emateaz.
Bestalde, probaren aurretik, Julen eta Manolo Kañamaresek erakustaldi ederra eskaini zuten. Zerrarekin hiru ohol moztu zituzten eta bukaeran motozerrekin banku bat lauburu batekin, onddo bat, lauburu baten irudia eta Euskal Herriko mapa egin zituzten.
Azken egunean, 78 lagun elkartu ziren Joseanek alaitutako herri bazkarian. Gaueko 10ak arte luzatu zen festa eta horrela bukatu ziren lau eguneko bestak.
Beste behin aipatzekoa da festetan izan diren hainbat ekitaldi aurrera ateratzeko eskuzabaltasunez batzuek egin duten lana. Hori da, adibidez, Cipriano eta bere laguntzaileen kasua. Mendira egurra ateratzera joan ziren, eta ondotik ekarri eta herri kiroletarako prestatu zituzten, baita hondarrak bildu ere. Pello eta bere kolaboratzaileak herri kirolak antolatzeaz arduratu ziren eta Jose Luis eta koadrilak herri bazkaria prestatu eta banatu zuten, baita mahaiak eta aulkiak bildu ere. Jaionek zuzendutako beste talde bat haurren festa eta jokoez arduratu zen. Guztiagatik eskerrik asko.