Zuzendaritza Batzordeko kide berriak izendatu dituzte Erreka Kirol Elkartean. Hala, Joseba Legarra da orain lehendakaria, Xanti Uterga lehendakariordea, Koldo Legarra diruzaina eta Pascual Bertiz idazkaria. Baina izen berriak sartzearekin batera, lan egiteko modu berria ere paratu dute martxan: batzordeak eratu dituzte lana ahalik eta gehien banatzeko eta beraz, dena ez da batzuen gain geldituko.
Eskubaloi batzordeko arduradunak David Mindegia, Ibai Marizkurrena eta Jabiertxo Almandoz dira. Kros eta San Silvestre batzordean Xanti San Migel, Luismi Apezetxea, Patxiku Ganboa eta Felipe Ganboa ari dira. Eguberrietako saskiaren batzordeko arduradunak Patxiku Irigoien, Jokin Apezetxea, Nerea Telletxea eta Xabier Bañares dira. Komunikazio batzordeaz (bloga, facebook, twitter) Leire Uterga eta Pablo Elizondo arduratuko dira eta Errekaren Eguneko batzordea Juan Telletxea, Eduardo Almandoz eta Zuzendaritza Batzordeak osatu dute. Mendiko batzordekidea Alejandro San Migel da, pilotakoa Patxi Ordoki, judokoa Oskar Mindegia, txirrindularitzakoa Xabier Bañares eta sortu berria den triatloiko batzordekidea Gorka Bidegain. Dantza Taldeak ere elkarte barrenean segituko du.
ZUZENDARITZA OHIAREN BALANTZEA
Hamar urte pasatu dira Juan Telletxea, Xabier Bañares, Jabiertxo Almandoz eta Pablo Elizondo Erreka Kirol Elkarteko zuzendaritzan sartu zirenetik, hasieran Xixo Larraza eta Iñigo Juanenearen laguntzarekin eta gerora Ibai Marizkurrenarekin. Ez dira bakarrik aritu lanean, aitortu dutenez, «luxuzko kolaboratzaileak» izan baitituzte. Kargua utziko dutela erranez, hamar urte hauen balantzea egin dute.
«Gure helburua Errekaren filosofia babestea izan da», adierazi dute: «kirola ahalik eta jende gehienarengana ailegatzea; neska-mutikoei gure modalitateak bertze kirol edo jarduerekin bateragarri egitea horretarako inolako arazorik jarri gabe; alderdi ekonomikoa gurekin egoteko oztopo izan ez dadin saiatuz, eta kasu gehienetan Errekan jokatzeak gasturik eragin ez dezan lortuz». Laburbilduz, «kirola herritarren artean zabaltzea». Onartu dute «ez dela erraza izan, eta are guttiago oraingo egoera ekonomikoa zein den ikusita, baina ahaleginarekin lortzen ari gara».
Kirol guztien gainetik, eskubaloia da nagusi Erreka Elkartean, euren hitzetan «kirol erregea» da. Honen inguruan, atzean utzitako «urte txarren» inguruan ere aritu dira, «talde gutti ziren eta etorkizuna ilun zegoen» garaia aipatuz. Baina egoera aldatu da, eta «gaur egun Donezteben eskubaloiaren egoera hagitz aberatsa da». Datuak dira lekuko, denboraldi honetan zortzi talde eta 150 jokalari baino gehiago izanen baitira.
Momentu gogoangarriak ere izan dituzte, Ibai Meoki eta Niko Mindegiak maila gorenean egindako debutak kasu. Eta Final Fourraz ere ez dira atzendu. Horrekin batera, lehendik egiten ziren jarduerei eusteaz gain, berriak ere sartu dituztela azaldu dute: San Silvestre lasterketa edo Errekaren Eguna. Dantza Taldea ere ez dute alde batera utzi: «are gehiago hazten baikaitu». Udalari esker, bertze 20 urterako egoitza badutela ere gogorazi dute. Himnoa ere badutela, eta teknologia berrietan ere eskua sartu dutela gaineratu dute.
Urte hauetako «unerik gogorrena» orduko Udalarekin izandako affaire izan dela erran dute: «kirol instalazioen erabilera kobratu nahi zigun. Tentsio haundiko uneak izan ziren, baina zorionez, proposamena baztertu eta arazoa konpondu zen. Errepikatu ezin den amesgaiztoa izan zen».
Garai horiek atzean utzita, errelebua emateko ordua dela uste dute eta urte hauetan bidelagun izan dituzten guztiei «bihotzez eskerrak» eman nahi izan dizkiete. Hala ere, aitortu dute zuzendaritza berriaren ondoan egonen direla, «behar duten guztirako». Ez baitaude «kendu baino aunitzez ere gehiago eman dien» elkartetik urruti egoteko.