Festa herrikoiak eta partehartzaileak izan dira

Fermin ETXEKOLONEA 2013ko irailaren 6a

Festa onak izan dira aurtengoak ere Izaskun ZUBIALDE

Moto zaharrak eta bertso pilota izan dira aurten berrikuntzak

Egitarauan aurreikusitakoa zuzen betez, festa onak, herrikoiak eta partehartzaileak atera ziren amabirjinak. 30 me­troko arbola zutik jartzea­rekin hasi ziren eta urtero bezala, ekitaldi jende­tsua izan zen. 
 
Amabirjin Egunean, goizean aizkora apustu ederra ikusteko aukera izan zen, Joxeantonio Loiarte he­rritarra tartean zela. Arra­tsaldean, dan­tzariek saio polita eskaini zuten.
 
Abuztuaren 16an, haurren bost pilota parti­da jokatu ziren, eta horietako bat neskena. Helduak futbitoan aritu ziren, eta egin zuen eguraldi be­roarekin gogotik bota zuten izerdia. Arra­tsaldean, berriz, tortilla lehia­keta egin zen eta hamar aurkeztu ziren. Eva Elizal­dek irabazi zuen eta 14 urterekin bigarren Karmele Santesteban geldi­tu zen. Plater tiroketa txapelketan, bestalde, Pa­txi Aldabe nagusitu zen.
 
Abuztuaren 17an, berrikuntza gisa, moto zaharrak ikusteko aukera izan zen Joxe Migel Arangurenen eskutik. Hogei moto zahar baziren, eta jendeari gus­ta­tu zitzaizkion. Haurren Eguna ere bazenez, neska-mutikoentzako jo­koak izan ziren, gurasoen eskutik. Eguerdian, 65 haur eta 35 guraso bildu ziren bazkarian. Kulkiren ikuski­zu­nean­ ere ongi pasatu zuten. Mus txapelketa ere aspaldiko jendetsuena izan zen. 22 bikote bildu ziren eta Patxi Alda­be eta Xabier Bendoiro nagusitu ziren.
 
Azken egunean, hau ere berrikuntza, bertso pilota izan zen. Imanol eta Mikel, Urko eta Beñaten kontra aritu ziren, Peñagarikano eta Maia bertsolariak botillero zituztela. 22-19 lehenengoek irabazi zuten. Baina emaitzaren gainetik, sortu zen giro polita da nabarmentzekoena. He­rri bazkarian ere Peña eta Maia aritu ziren, eta bildu­tako 65 lagunek ederki pasatu zuten. Akitzeko, arbola bota eta heldu den urtera arte agurtu genituen festak.
 
Lerro hauen bidez, eskerrak eman nahi dizkiegu muxiko dantzari, joal­dun, musikari, guraso, kirolari eta festak aurrera ateratzeko laguntzen duten guztiei, beraiei esker baitira festak diren bezalakoak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun