Inoiz ez da berandu bestak aipatzeko, giro ona izaten baita nagusi, eta aurtengo santiburtzioak ere ederrak izan direnez, horietaz ariko gara aldi honetan.
Bezperan, nahiz eta bestak ofizialki arratsaldean hasi, goiz-goizetik herrian izugarrizko giroa zegoen. Bigarren urtez, Arretxekobordarako igoera egin zen eta 16 lagunek parte hartu zuten. Aipatu beharra dago Juan Tomas Latasa eta Esteban Maritxalar beteranoek ere parte hartu zutela. Irabazlea Xabier Irazoki izan zen (09:57), bigarrena eta 16 urterekin Eneko Herrera (10:02) eta hirugarrena Gorka Arretxea (11:27). Gainera, joan den urteko errekorra hobetu zuten, 10:10ean baitzegoen.
Arratsaldean bertze ekitaldi haundi bat izan genuen. Batetik, 6 mutil sunbildar (Unai eta Asier Bertiz, Luis Ibarra, Xabier Petrirena, Arkaitz Vicente, Aitor Agirre) 650 kiloko harriari tiraka aritu ziren 15 minutuz. Eta bertzetik, Ibarrako 8 neska 500 kiloko harriarekin denbora berean. Proba egiten lehenak sunbildarrak izan ziren eta 41 plaza osatu zituzten. Oraingoan neskak irabazi zieten, 42 plaza eginez.
Arratsaldeko 8etan bota zen suziriarekin hasi ziren bestak. Suziria bota baino lehen, Udalak, herri guztiaren izenean, omenaldi ttiki bat eskaini nahi izan zien Basilio Sarobe apaizari eta Agustin Arretxea zapatariari. Basilio bertan zegoen eta emozioz beteta hitz batzuk eskaini zituen. Agustinek ezin izan zuen bertan egon, baina plaka etxera eraman zioten. Ondotik, suziria Mario Mitxelena zinegotziak bota zuen.
Santiburtzio Egunetik hainbat gauza daude aipagai. Meza Nagusia berezia izan zen. Basiliori herriko koralak nola txistulariek beraien irakasle izateagatik detaile pare bat egin baitzizkioten. Txistulariek mezan kanta bat eskaini zioten, eta bukaeran lau bertso kantatu zizkioten, akordeoilari eta txistulariekin. Gero, urtero bezala, herriko dantzariek emanaldi zoragarria eskaini zuten eta erraldoiek ere beraien saioa egin zuten. Arratsaldean, ohiturari jarraituz, XII Ramon Latasa Saria jokatu zen.
Haurraren egunean, Jokulandiarekin, haurrek egun guztian izan zuten gozatzeko aukera. Arratsaldean, tortilla eta postre lehiaketa egin ziren. Etxean prestatu eta epaimahaiak (Loli, Rakel eta Jexux Mari) onena aukeratu zuen. 6 postre eta 11 tortilla aurkeztu ziren eta tortilletan txapelduna Maria Jesus Iribarren izan zen eta postreetan Mirari Marizkurrena.
Gazteen Egunean, haur eta helduen herri krosean 60tik goiti partehartzaile izan ziren. Haurren artean ez da sailkapenik egiten, denei ematen zaie domina. Helduetan, Xanti Manterola izan zen txapeldun, bigarren David Galtzagorri eta hirugarren Bixente Ibarra. Eguerdian, peñen bazkaria egin zen Ulibeltzak Elkartean, Jaiak Txarangak alaiturik. Eta gero ura eta ura herri guztian. Izugarrizko giroa sortu zen.
Ezkonduen Egunean, bestei bukaera emateko hainbat ekitaldi izan ziren. Goizean Mus Txapelketa jokatu zen. 22 bikotek parte hartu zuten eta txapeldunak Jose Luis eta Juan Bertiz izan ziren, bigarrenak Josu eta Joseba Apeztegia, hirugarrenak Juan Pedro Bertiz eta Pako Altzuri eta laugarrenak Fulgenzio Iriarte eta Juan Jose Mitxelena.
Arratsaldean, batetik, plater tiroketa izan zen. 19 partehartzaileren artean, Aitor Apeztegia izan zen txapelduna, bigarrena Pako Altzugarai eta hirugarrena Iñaki Mikelarena. Bertzetik, Guraso Elkartekoek prestatutako jokoak izan zituzten haurrek plazan. Buruhaundiak ere atera ziren eta gozatu egin zuten.
Bestak herri afariarekin akitu ziren. Plazan egin zen eta 121 lagun elkartu ziren giro onean. Laburbilduz, hagitz besta politak izan dira.