Nafarroako Artzain Zakur Txapelketaren 46. edizioa jokatu zen abuztuaren 26an Uharte Arakilen eta Antonio Alustiza aresoarra berriz nagusitu zen, aldi honetan, Bat zakurrarekin. Ez hori bakarrik, bigarren postua ere beretzat izan zen, Jai zakurrarekin.
Bortz artzain aritu ziren lehian zortzi zakurrekin, eta tartean ziren eskualdekoak: Antonio Alustiza aresoarra Bat eta Jai zakurrekin, Pedro Ansa aranoarra Alai zakurrarekin, Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza Azeri eta Arakil zakurrekin eta Joxe Mari Ixtilart amaiurtarra Alai zakurrarekin. Guztien artean, azken urteetan jaun eta jabe den Antonio Alustiza gelditu zen lehenbiziko bi postuetan. Nafarroako bere hamalaugarren txapela jantzi zuen. Are gehiago, hamar aldiz segidan irabazi du aresoarrak. 2004an eta 2005ean Argi zakurrarekin irabazi zuen, 2006tik 2012ra Ttikirekin eta aurten Batekin. Nola diren kontuak, azken txapel hau kenduta, azken zazpiak Ttiki zakurrarekin irabazi zituen, eta txapelketa hasi baino ordu batzuk lehenago hil zen Ttiki, Bat eta Jairen ama.
Hirugarren postua ere eskualdera etorri zen, Aranoko Pedro Ansa eta Alai bere zakurrarentzat izan baitzen. Laugarren postua Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza eta Azerirentzat izan zen. Bosgarrena Joxe Mari Ixtilart eta Alairentzat. Seigarrena Uharte-Arakilgo Antonio Uharte eta Lagunentzat. Zazpigarrena Jorge Oteiza eta Arakil zakurrarentzat eta zortzigarrena Antonio Uharte eta Argi zakurrarentzat.
Bertzelako sarien artean, Ansak hobekien jantzitako artzainaren saria jaso zuen. Lehen ere hartu izan du sari hori.