20 urte egin ditu Sarako Urtxintxak elkarteak nesken artean eskubaloia zabaltzen

G. PIKABEA 2013ko ira. 5a, 16:58

Hogei urte daramazki lanean Sarako Urtxintxak eskubaloi elkarteak. Joana GUERENDAINek utzitakoak

Sei taldetan banatuta, 70 neska mugiarazten ditu eskubaloiak Saran

Duela 20 urte eskubaloi taldea sortzea proposatu zuten lagunar­tean Saran. Huraxe izan zen abiapuntua eta gaur egun 70 neska inguruk joka­tzen dute kirol honetan Saran. Eskubaloi eskola eta adinaren arabera banatutako bertze bortz talde dira, eta horietaz musutruk eta borondate osoz zortzi entrenatzaile arduratzen dira.

 

Gutti batzuk ezagu­tzen zuen kirola izatetik, herritarren artean benetako afizioa izatera pasatu da eskubaloia Saran. Lagunarteko ideia bat izan zen 1993­an Sarako Urtxintxak nesken eskubaloi elkartea abian paratu zuena. Eskubaloiaren ingu­ru­ko ja­kin­tza haundirik ez izanagatik, ez zen motibaziorik falta izan eta horri­ esker, Sarako Ur­txin­txek 20 urteko ibilbi­de oparoa egin dute. Tal­de bakarra zen or­duan, eta 20 urte beranduago, bortz talde eta eskubaloi eskola dira. Gaur egun, eskubaloia erabat erro­tua dago Sarako nesken artean eta ho­rren lekuko da jokalari kopurua. Guztira 60-70 neska mugi­tzen ditu urtero eskuba­loiak Saran. Berezitasuna ­hori ere bada, neskak baino ez baitira ari­tzen eskubaloian. He­rrian ez da sekula mutilen talderik izan.

Hutsetik hastea ez zen erraza izan. Halaxe kontatu digute Joana Guerendiain eta Elodie Garat  saratarrek. Senio­rren taldeko jokalariak dira, ttikitatik ezagutu dute eskubaloia eta entrenatzaile ere badira:  «Hasta­penak zailak izan ziren, neskek ez zuten kirol honen inguruan gauza haundirik ezagu­tzen, baina motibazioa bazuten eta Ahetzeko ekiparen sostengua eta bi gizonen laguntza ere izan zuten».  Taldea sortu eta hurrengo denboraldian, 1994/1995ean, neskek beren entrenatzailea atzeman zuten: Patxi Zamora. «Honen eta boluntarioen laguntzarekin elkartea altxatu zuten», azpima­rratu dute Guerendiain eta Garatek.

 

HASTAPENA

«Hastapenak zailak izan ziren, neskek ez zuten eskubaloiaren inguruan gauza haundirik ezagutzen, baina motibazioa bazuten eta Ahetzeko ekiparen sostengua eta bi gizonen laguntza ere bai»

Joana GUERENDIAIN eta Elodie GARAT

Sarako Urtxintxak elkarteko jokalariak eta entrenatzaileak

 

Ahaleginez betetako bi hamarkada izan dira  eta horretan bolunta­rioen laguntza ezinber­tzekoa izan da, tartean entrenatzaileen lana, musu­truk aritzen baitira. Zortzi lagunek osa­tzen dute gaur egun entrenatzaileen taldea: eskubaloi eskolako entrenatzaileak Pantxika Mortalena eta Joana Guerendiain dira, 11 urtez azpikoen taldekoa Anais Gorosurreta, 12 urtez azpikoen taldeko arduradunak Marina Goienetxe eta Elodie Garat dira, 15 urtez azpikoena Christophe Petit, 18 urtez azpikoena Marion Iramuno eta seniorren taldeko entrenatzailea Txomin Bereau da. 

Aurrekontu ttikiarekin egiten du egunerokoa Sarako Urtxin­txak elkarteak. Eta hori finan­tzatzeko udan hainbat ekitaldi antolatzen dituz­te: erromeria, indar jokoak edota kantaldiak. Urtean zehar egutegi bat ere kaleratzen dute, baita pastizak saldu ere. Hala ere, «jokalari eta bulegoko kideen lizentziekin sartzen da diru gehien», azaldu digute Guerendiain eta Garatek.

 

 

DATUA

8

ENTRENATZAILE 

dira Sarako Urtxintxak elkartean, 70 jokalariak zuzentzeko. 

Guztiek musutruk egiten dute euren lana.

DENBORALDI BERRIA

 

20 urteak behar bezala ospa­tzeko uztailaren 27a aukeratu zuen eskubaloi elkarteak. Egun berezia izan zen oraingo eta lehengo jokalarien artean eskubaloi partidak ikusteko aukera izan baitzen, baita jokalarien aitak jokoan ikusteko modua ere. Eta ilunabarrean 150 lagun elkartu ziren paella jatera. Egunaren erantzunarekin «biziki kontent» gelditu zen bulego berria. 

Ospakizunak alde batera utzi­ta, denboraldi berriari begira jarriak dira orain jokalariak­ eta entrenatzaileak. Seniorrak eta 18 urtez beheitikoak abuztuan hasi ziren entrenatzen eta gainerakoek hilabete honetan hasiko dituzte entrenamenduak. Seniorrak astean bi aldiz entrenatzen dute, asteazken eta ortziral gauetan. Bertze guztiak astean behin biltzen dira 11, 13 eta 15 urtez azpikoak­ asteazkenetan, eta eskubaloi eskola eta 18 urtez beheitikoak­ ortziraletan. Ttiki-ttikitatik jar­tzen dira neskak eskubaloiarekin harremanetan. Eskolan eskubaloia deskubritzea dute helbu­ru, jokoaren bitartez. Lehen pausoak eman eta legeak ikasten dituzte neska ttikiek. Eta hortik aitzinera poliki-poliki kiro­la gehiago ezagutu eta goiti egiten dute. 

Joan den urteko denboraldia ona izan zen talde guztien­tzat. Are gehiago, 15 urtez azpikoak eta seniorrak euren mul­tzoan fina­lerdietara ailegatu ziren, nahiz eta gero galdu. Sasoi berriari begira, be­rriz, «talde bakoitzaren helburua txapelketan ahal bezain urru­tien joatea izanen da eta zergatik ez, final bat irabaztea ere bai», adierazi digute Guerendiain eta Garatek. Hala bada, 20 urteko ibilbidea garaipen batekin borobilduko dute denboraldi honen honda­rrean.

BULEGO BERRIA

Uda honetan bulego berria izendatu dute eskubaloi elkartean

Sarako Urtxintxak sortu zenean, elkarteko lehen lehendakaria Marie Pie­rre Hiribarren izan zen, Veronique Itu­rria diruzaina eta Christine Lissayou idazkaria. 20 urte hauetan aldaketak izan dira bulegoko arduretan, eta berri­ki ere talde berria izendatua izan da. Azken urteotan, Sabine Etxe­beste izan da lehendakaria, Aline Dubacquie diruzaina eta François­ Cahulet idazkaria. Uztailaz geroztik, Jean-Pierre Iacopino da lehendakaria, Christophe Petit lehendakariordea, Laure Garat diruzaina eta Anais Gorosurreta, Mikela Gerard eta Elodie Garat idazkariak. Argazkian lehengo eta oraingo bulegoko kideak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun