«Gizartea sentsibilizatu eta tokiko ekonomia soziala bultzatu nahi dugu»

Gurutze PIKABEA 2013ko irailaren 5a

Joanes Maiza, GoiEner energia kooperatibako sustatzailea TTIPI-TTAPA

2011n sortu zen Goierrin (Gipuzkoa) GoiEner irabazi asmorik gabeko kooperatiba, energia berriztagarrien erabilera sustatu eta energiaren kon­tsumo arduratsua bideratzeko. Orain­goz, merkatuan energia garbia erosi eta bazkideen artean sal­tzen dute. Gerora, energia sortzeko aukera ere mahai gainean dute. Euskal Herri osora ari dira he­da­tzen eta dagoeneko 500 bazkide erabiltzaile dituzte eta horrez gain, gero eta ­baz­­kide kolaboratzaile gehiago. Tartean dago Be­rako Udala, eta Leitzakoarekin ­elkarlanean ari dira.

Gurutze PIKABEA

 Zein da GoiEnerren helburu nagusia?

Eredu energetikoa alda­tzea. Gaur egungo ere­du­ energetikoa erregai fosiletan edo CO2 isur­tzen duten sistemetan oinarritua dago: ikatz zentralak, gasarenak, fuel-olio zentralak, nuklearrak... Argindarra sortzeko horiek dira sistema zentralizatuak. Guk eredu hori alda­tu nahi dugu eta jendea sentsibilizatu. Aldaketa klimati­koaren eta krisiaren aurrean, irtenbidea argindar sorkuntza deszentralizatzea da eta deszentralizazio hori energia berriztagarriekin egin daiteke, tokian tokiko baliabideak aprobetxatuz: ura, basoa, eguzkia edo haizearekin.

Kooperatibak energia berriztagarria erosten du merkatuan eta hori eskaintzen dio bazkideari. Azaldu...

Kooperatibak energia elektrikoa merkatuan erosten du, eta erosten dugun argindarraren jatorria berriztagarria izango dela berma­tzen dugu, plakatik sortutakoa, hidraulika zentraletik sortua, eolikoetatik ateratakoa... Argindar hori gure bazkideentzat komer­tzializatzen dugu eta ziurtagiri bat ere izango du jatorri hori bermatuz. Hasiera batean, energia berriztagarrien erosketa  egingo dugu. Eta epe ertainean edo luzean, energia guk sortzeko azpiegituraren bat egin nahi genuke. Baina hori bi aldiz pentsatu beharrekoa da. Erreforma elektrikoa, energia berriztagarrien­tzako laguntzak, amorti­za­zio epeak... kontuan hartu behar dira, eta horien arabera proiekturik eraginkorrenak bilatzen saiatuko gara. PSOE eta PPko gobernuek energia berriztagarrien az­pie­gitu­retarako diru lagun­tzak murriztu egin dituzte eta gero eta garestiagoa da eraiki­tzea, eta amortizazio epea ere luzeagoa da. Gizarteak argindar berriz­tagarria eska dezala bul­tzatu nahi dugu kontsumo kooperatibaren bitartez.

Espainiako Gobernuak energiaren merkatuan egin nahi dituen aldaketak aipatu dituzu. Nola eraginen diete energia kooperatibei?

Legearen bitartez, gero eta gehiago jotzen dute enpresa txikien aurka. Alde batetik, merkaturatze­ko garaian, zergaren edo peajea edo kuotaren bidez zailtasunak jartzen dizkigute. Peajeak komertzializadora txikiok enpresa handien [Iberdrola, Endesa...] sarea erabiltzeagatik ordaindu behar dugun kuota bat dira. Ordainketaren baldintza hori gero eta zailagoa da. Gero eta garestiagoak dira, aurretik ordaindu beharrekoak... Eta argindarra sortzeko garaian ere gero eta oztopo gehiago ditugu. Enpresa handiek amortizatu gabe dituzten instalazio termikoak dituzte, eta argindarraren kontsumoa jeitsi egin delako instalazio horiek geldirik daude. Instalakuntza horiek geldirik egotea­ga­tik dirutza kobratu nahi dute eta diru hori berriztagarriei kenduz iritsiko zaie. Energia berriztagarrien azpiegiturak bultza­tze­ko dirulaguntzak kendu egin dituzte eta diru hori enpresa handieta­ra doa haien amortizazioak berma­tzeko edo haien azpiegiturak altxa­tzeko. Gaur egun, ez dago be­rriz­tagarrientzako inongo laguntzarik. Beraz, argindarra sortzeko garaian ere zailtasunak badira.  

Zein dira GoiEnerren erronkak?

Alde batetik, gizartea sentsibilizatzea eta bestetik, tokiko ekonomia soziala bultzatzea tokian tokiko proiektuen bitartez, proiektu horiek aurrera eramateko bertako industria erabiliz. Horren adibide da Berako kasua. Berako Udalak, bertako baliabideekin, hau da, basoen bitartez, lanpostu berriak sortu nahi ditu basoak garbitzen eta bioma­sa sortzen, eta biomasa hori erabli nahi du gasaren ordez.

 

ENERGIAREN EKOIZPENA

«Hasiera batean, energia berriztagarrien erosketa egingo dugu. Epe ertainean edo lu­zean, energia guk sor­tzeko azpiegituraren bat egin nahiko genuke. Baina hori bi aldiz pentsatu beharrekoa da. Gero eta garestiagoa da energia berriztagarrien azpiegiturak eraikitzea eta amortizazio epea ere luzeagoa da. Gizarteak argindar berriztagarria eska dezala bultzatu nahi dugu kontsumo kooperatibaren bitartez».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun