Kutxa Torneoko finalerdia jokatuko dute Ezkurrak eta San Migelek asteartean

Ttipi-Ttapa 2013ko irailaren 2a

San Migel eta Ezkurra joan den larunbatean, astearteko partidarako materiala aukeratu zuten egunean.

Irabazleak Urrizaren kontra jokatuko du finala

Antzeko pisua baina ezaugarri desberdinak dituzten pilotak aukeratu dituzte Julen San Migelek eta Koteto Ezkurrak astearteko partidari begira. Partida 18:00etan jokatuko da Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Irabazleak Urrizaren kontra jokatuko du finala.

Kutxa Torneoak berriz ere bi doneztebar paratu ditu aurrez aurre: Julen San Migel eta Koteto Ezkurra. Txapelketako finalerdia asteartean jokatuko dute Hernaniko Galarreta pilotalekuan, 18:00etan.

Joan den larunbatean partidako pilotak aukeratu zituzten, hiru pilotari bakoitzak eta ezaugarri desberdinekoak. Ezkurra izan zen materiala aukeratzen lehenbizikoa, eta bortz minutuz bereizi zituen pilotak. San Migelek kolpearekin min egin diezaion oztopatzeko pilotak aukeratu zituen, atzelari gaztea peloteora bultzatuko dutenak. 131, 128 eta 126 gramokoak dira.

San Migelek, berriz, hamar minutuz bereizi zuen materiala, 131, 130 eta 126 gramoko pilotak. Berak adierazi bezala, «sakean min egiteko eta material bizia» aukeratu zuen. Gustura gelditu zela onartu zuen.

Duela hiru urte Torneoko finalean izan ziren biak aurrez aurre. Orduan Ezkurrak irabazi zuen 30-24ko markagailuarekin. Aldi honetan zer gertatzen den astearte arratsaldean jakinen da. Partida irabazten duenak Urrizaren kontra jokatuko du finala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun