Ezkurra mendean hartuta, Kutxa Torneoko finala jokatuko du San Migelek larunbatean

Ttipi-Ttapa 2013ko irailaren 4a

San Migelek partida bikaina jokatuta lortu du finalerako txartela. Maialen Andres.

Partida bikaina jokatu dute bi doneztebarrek

27-30eko markagailuarekin Julen San Migel doneztebarra nagusitu zaio Kotetori Kutxa Torneoko finalerdian. Tentsio haundiko partida jokatu dute, eta parekatuak ibili dira. Finalerdi hau irabazita, lehendik Kotetoren aurkako bi final galduz barrenean zuen arantza atera du San Migelek.

Hirugarrenean bai. 2010eko Banakako Erremonte Txapelketako finalean eta 2011n Orona Masterreko finalean Ezkurraren kontra galdu ondotik, hirugarrenean Ezkurra menean hartzea lortu du Julen San Migelek. Bi doneztebarrek Kutxa Torneoko finalerdia jokatu zuten astearte arratsaldean Hernaniko Galarreta frontoian, eta 27-30eko markagailuarekin  gazteena nagusitu zen. Partida irabazita larunbatean Jabier Urrizaren kontra jokatuko du finala San Migelek.

Tentsio haundiko partida izan zen, eta parekatuak ibili ziren bi erremontistak. Ez batek eta ez bertzeak ez zuen bortz tantoko alderik lortu, eta detaile ttikiek erabaki zuten partida, eta horietan nabarmentzekoena San Migelen sakea. Atzelaria ongi sakatzen hasi zen, baina partidak aitzinera egin ahala eraginkortasuna galdu zuen.

25-22ko markagailuarekin, Ezkurra aitzinetik zihoala, aukera galdu eta San Migelek sakea berreskuratu zuen eta 25-23 zirela, hiru sake jarraian egin zituen. 25-26 jarri zen aitzinetik San Migel, eta bertze hiru tanto ere egin zituen (25-28). Ezkurra 27-28 hurbildu zitzaion, baina pilotakada haundi batek 27-29koa jarri zuen markagailuan eta bertze sake batek garaipena eman zion San Migeli.

Ordu bat eta minutu bat iraun zuen partidak eta bi pilotariek antzeko zenbakiak egin zituzten: Ezkurrak zazpi tanto egin zituen sakez eta bederatzi aurkariak. Biek sakez hiru falta egin zituzten. Peloteoan atzelariak hamasei tanto egin zituen eta hiru huts, eta hamalau tanto egin eta bi huts aurrelariak.

Larunbateko finalari begira, ortzegun honetan aukeratuko dute materiala San Migelek eta Urrizak, 12:00etatik aitzinera Galarretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun