Iñaki Lejarreta txirridulari zenaren familia, lagun eta ingurukoek Euskal Herrian barna martxa bat antolatu dute txirrundulari zenaren omenez. Euskal Herriari itzulia emanen dion non stop eta erreleboko martxa bat izanen da Iñakiren bideak deitu duten martxa, hau da, lekukoa pasatuz gelditu gabe bi egunez Euskal Herria zeharkatuko duena. Mendi bizikletaz egitekoa izanen da, eta larunbat eta igande honetan, abuztuan 31 eta irailak 1, eginen da.
Euskal Herriko hainbat herri eta herrialde zeharkatuko dituen ibilbidea prestatu dute, sei etapatan banatua. Berrizen (Bizkaia) hasi eta bukatuko da, hangoa baitzen Lejarreta gaztea. Ibilbidea gure eskualdetik ere pasako da, Malerreka eta Bortzirietatik, hain zuzen. Hau izanen da eskualdean barna eginen duen ibilbidea: abuztuaren 31n Izkuetik 16:00etan abiatuta, Ultzamako herri batzuk pasatu eta Txaruta gaina igoko dute (19:30ean) eta Gaztelura ailegatuko dira txirrindulariak 19:55 aldera. Handik Doneztebera joanen dira. 20:00 aldera ailegatzea aurreikusia dute. Lekukoa emanez, gelditu gabe, seigarren etapa Doneztebetik abiatuko da, eta handik Sunbillara joanen da 20:18 alderako. Sunbillatik mendiz Arantzara joanen dira txirrindulariak eta 21:40ean ailegatuko dira. Arantzatik Endarlatsarako bidea hartuko dute txirrindulariek. Endarlatsara 23:20an ailegatzea aurreikusi dute antolatzaileek eta gero 00:00etan Hondarribira. Gainerakoan, honela antolatu dituzte itzuliaren etapak: Berriz-Ullibarri Ganboa, Ullibarri Ganboa-San Roman, San Roman-Larrona, Larrona-Izkue, Izkue-Doneztebe, Doneztebe-Hondarribia, Hondarribia-Zarautz, Zarautz-Olatz, Olatz-Berriz. Informazio gehiago hemen.
Ibilbideko atal bakoitzean, arduradunak izanen dira eta Iñakiren Bideaken maillota eta besokoa eramanen dute lekuko bezala, eta hurrengo taldeari irteera emateko pasako dizkiete. Iñakiren Bideak ez da lasterketa bat, ez mendi bizikletako martxa antolatu bat ere. Hortaz, antolatzaileek garbi utzi nahi izan dute parte hartzaile bakoitza bere buruaren jabe izanen dela. Norberak eraman beharko du aukeratutako etapa egiteko behar duen guztia: bizikletako materiala, gaueko zatiak egiteko argiak, janaria, GPSa... Parte hartzeko ez da izenik eman beharko.