Espainiako txapelketa irabazi dute Patxi Meokik eta Luciano Mitxelenak

Ttipi-Ttapa 2013ko abu. 27a, 17:52

Meokik duela lau hilabete lepauztaia hautsi zuen, baina garaipen haundi batekin itzuli da lasterketetara.

Meoki elizondarra Master 50 mailan nagusitu da eta Mitxelena lesakarra Master 60 kategorian

Espaniako Iraupen-txirrindularitzako txapelketa jokatu da asteburuan Murtzian eta Patxi Meoki elizondarra Master 50 mailan nagusitu da eta Luciano Mitxelena lesakarra Master 60 kategorian. Urrezko dominak eskuratuta itzuli dira etxera.

Espaniako Iraupen-txirrindularitzako txapelketa jokatu zen joan den asteburuan Murtzian eta Bidasoa taldean ari diren txirrindulariak fin ibili ziren. Bero haundiarekin ibili behar izan zuten, baina ez ziren horregatik gibelean gelditu.

Master 50 kategorian Patxi Meoki elizondarrak lasterketa irabazi eta urrezko domina  eskuratu zuen. Gauza bera egin zuen Luciano Mitxelena lesakarrak Master 60 kategorian. Aipatzekoa da, apirilean erori baten ondorioz Meokik lepauztaia hautsi zuela, eta lau hilabete beranduago Espainiako txapeldun izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun