Lehenbiziko itzulia bukatzeko jardunaldi bat falta denean, Arraiozko taldea Gazteen Laxoa Txapelketako sailkapen buru

Ttipi-Ttapa 2013ko abuztuaren 26a

Ziburuko Laxoa Torneoan parte hartu duten eskualdeko ordezkariak.

Asteazken honetan laugarren jardunaldiko partida bat jokatuko dute Iruritak eta Arraiozek

Bortz talde ari dira Baztan-Errekako Gazteen Laxoa Txapelketan parte hartzen. Oraingoz hiru jardunaldi eta laugarren jardunaldiko partida bat jokatu dituzte eta sailkapen nagusian Arraiozko taldea da lehenbizikoa. Puntu bateko aldea ateratzen die Oiz eta Doneztebe B taldeei. Asteazken honetan laugarren jardunaldiko bertze partida bat jokatuko dute Arraiozek eta Iruritak.

Arraioz, Oiz, Doneztebe A eta B eta Irurita. Bortz talde horiek dira Baztan-Errekako Gazteen Laxoa Txapelketan parte hartzen ari diren taldeak. Liga sistemaren bidez erabakiko da finalera zein ailegatuko diren. Lehenbiziko itzulian bortz jardunaldi jokatuko dira eta bigarren itzulian bertze bortz. Ligaxka horretan lehenbiziko bi postuetan gelditzen diren bi taldeek lortuko dute irailaren 28an Donezteben jokatuko den finalerako txartela.

Oraingoz hiru jardunaldi eta laugarren jardunaldiko partida bat jokatu dira eta Arraiozko taldea da sailkapenean buru. Hiru partidatatik hirurak irabazi ditu. Oizek hiru partida jokatu eta bi irabazi ditu. Lau partida jokatu dituztenak Doneztebeko bi taldeak dira. Izan ere, laugarren jardunaldia asteazkenean jokatzekoa zen, baina partida bat igandean jokatu zuten Doneztebe A eta Bk. 4-7ko markagailuarekin B taldeak irabazi zuen. Laugarren jardunaldiko bertze partida asteazkenean, 17:00etatik aitzinera jokatuko dute Iruritak eta Arraiozek. Gainerakoan, Iruritako taldeak bi partida jokatu eta biak galdu ditu orain arte.

Ziburuko Laxoa Torneoa

Joan den abuztuaren 23an Laxoa Torneoa jokatu zen Ziburun, Laxoa Elkartea eta Donibane Lohizuneko Luzaz Gazte Taldeen artean. Laxoa Elkartetik Iñaki Etxandi (Irurita), Mikel MIndegia eta Aritz Alunda (Arraioz) eta Ramontxo Etxebeste eta Josu Juanena (Doneztebe) aritu ziren eta 9-5 irabazi zuten. Aipatu, Luzaz Gazte taldeko jokalariak Frantziako Erreboteko txapeldunak direla eta paxakan ere aritzen direla.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun