Herri kirola maite duenak asteburu honetan izanen du toki batean baino gehiagotan gozatzeko aukera. Igandean, adibidez, bi saio jokatuko dira. Alde batetik, Nafarroako Herriz Herri Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatuko da Gorritin. 12:30ean hasita, Berriozar, Menditarrak, Arraioz eta Berako taldeak ariko dira. Laugarren eta azken jardunaldia, berriz, abuztuaren 31n jokatuko da Berriozarren.
Lehen proba konbinatuan txokor biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, lasterka eta arpanean ariko dira kirolariak. Bigarren proba konbinatuan, berriz, txinga eramaten eta ingude altxatzen.
Herriz Herriko Txapelketa alde batera utzita, igandean berean Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko da Lakuntzako plazan, 18:00etatik aitiznera. Lau kanaerdiko moztu beharko dituzte aizkolariek eta hauek izanen dira lan hori egin beharko dutenak: Iñaki Kintana (Araba), Eloy Corchero (Araba), Aritz Irazabal (Bizkaia), Angel Eraso (Nafarroa), Asier Pellejero (Areso), Eneko Saralegi (Leitza), Goizeder Belza (Nafarroa), Iban Resano (Nafarroa) eta Raul Kastro (Urroz). Kanporaketa honetan sailkatzen diren lehen hiru aizkolariek finalerako txartela eskuratuko dute, lehen kanporaketan sailkatutako bertze hirurekin batera.