Buruz buruko txapelketa hameka aldiz zergatik irabazi duen erakutsi zuen Amabirjin egunean Koteto Ezkurrak. Gaur egungo txapelduna eta faborito nagusia menderatu zuen Galarretan, 26-30, enmarkatzeko moduko partida batean.
Norgehiagoka bukaera arte ez zen erabaki. Dirua 100 40ri atera zen Urrizaren alde, baina hasieran doneztebarra aitzinetik izan zen borta tantuko aldetxoekin (4-9, 5-10, 7-12). Baina Urriza ez zen beheiti etorri. Txapeldun handia da, defentsa bikainekoa eta 11-0eko partzialarekin 18-12 aitzidu zen. Ezkurra ez zen kikildu eta 5-0ko partzialarekin 21-22 aitzinetik paratu zen berriz ere. Baina 23-22 irabazten ari zela, sakearekin huts egin zuen Urrizak eta eta hortik 24-29kora joan zen Ezkurra. Bertze bi tantu egin zituen Urrizak, baina doneztebarrak lortu zuen azkena.
Galdu arren, Urrizak dagoeneko lortua du finalerdietarako txartela eta Ezkurrak 19 tantu egin behar ditu Urtasunen kontrako partidan, A multzoko bigarren sailkatua izateko. Iruritarrari irabaztea lortuko balu, gainera, multzo-buru izanen litzake Ezkurra eta bertze multzoko lehenbizikoa (San Miguel, adituen ustez) ez luke arerio izanen finalerdian.
Abuztuaren 15eko emaitzak Galarretan
1. Otaegi-Zubiri, 35; Ezkurra II-Labaka, 27
2. Urriza, 26; Ezkurra, 30 KUTXA TXAPELKETA 2013
3. Urtasun-Ion, 40; Matxin III-Barrenetxea IV, 26
4. Matxin VI-Agirrezabala, 30; Juanenea-Olazar, 11