Floren Nazabalek eta Donato Larretxeak lortu zuten garaipena abuztuaren 11n Sunbillan jokatutako Ramon Latasa Sariaren hamabigarren edizioan. 51 segunduko aldea atera zioten Aitzol Atutxa eta Joseba Otaegi gazteei.
Bikoteek lau probatan neurtu zituzten indarrak. Aurrenekoan, bi kanaerdiko ebaki behar zituzten bikoteek, baina aizkolari bakoitzak egur bana ebakiz. Bigarrengoan, kanaerdiko bat zutik eta 45 ontzako bi etzanda moztu zituzten. Hirugarrengoan, berriz, bakarkako lana zuten, eta aizkolari bakoitzak launa kanaerdikora lehiatu ziren. Azken proban, txanda librean aritu ziren, eta bikote bakoitzak lau kanaerdiko eta 60 ontzako beste lau moztu zituzten.
Nazabal eta Larretxeak 35 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten lanak akitzeko eta lehenbiziko eta laugarren probetan nagusitu ziren. Atutxa eta Otaegik 35 minutu eta 54 segundo behar izan zituzten. Bigarren eta hirugarren proba irabazi bazituzten ere, lehenbizikoan eta laugarrenean huts egin zuten eta bi minutu baino gehiago galdu zuten.
Joxemari Olasagastik eta Iñaki Azurmendik hirugarren egin zuten, 36 minutu eta 50 segundoko denborarekin. Igeldokoak Unai Otaño ordezkatu zuen.
Gazteetan Erasun eta Mugerza
Gazte mailan ere zazpigarren edizioa jokatu zen. Gazte hauek hiru proba desberdin egin behar zituzten. Lehenbizikoan, 45 ontzako bat zutik eta neurri bereko bertze bi etzanda ebaki behar zituzten. Bigarren proban bakarka aritu behar ziren, eta aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko eta 45 ontzako bertze bi enbor moztu behar zituen. Azken proba txanda librekoa izan zuten, eta bikote bakoitzak lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi moztu zituen.
Ugaitz Mugerza mutrikuarra eta Aurtizko Ander Erasun nagusitu ziren, 30 minutu eta 16 segundoko denborarekin; bigarrenak Ruben Saralegi eta Larrañaga izan ziren (30’48“) eta hirugarren Jon Rekondo eta Oihan Larretxea (31‘54“).