Ibarrako emakume eta Sunbillako gizasemeen arteko desafioa izanen da larunbatean

TTIPI-TTAPA 2013ko abu. 8a, 10:55

Gipuzkoako txapeldun den Ibarrako nesken taldea Sunbillako mutilen kontra ariko dira lehian. Artxiboko argazkia

Igandean, berriz, XII. Ramon Latasa Saria jokatuko da Sunbillan

Sunbillako Santiburtzio bestak ospatuko dituzte abuztuaren 10etik 14ra. Beti bezala, herri kirolak lekua izanen du. Igandeko XII. Ramon Latasa aizkolari saria baino lehen, larunbatean, giza proba berezia jokatuko dute Ibarrako neskek Sunbillako mutilen kontra.

Sunbillako Santiburtzio bestak ospatuko dituzte abuztuaren 10etik 14ra. Beti bezala, herri kirolak lekua izanen du. Igandeko XII. Ramon Latasa aizkolari saria baino lehen, larunbatean, giza proba berezia jokatuko dute Ibarrako neskek Sunbillako mutilen kontra.

Abuztuaren 10ean, larunbat arratsaldeko 6:30ean jokatuko da giza proba berezia. Desafioan, alde batean, Gipuzkoako txapeldun den Ibarrako zortzi neska (tartean hiru lesakar ere aritzen dira) eta bertzean Sunbillako sei gizaseme. Sei mutilek 600 kiloko harriari tiratu beharko diote 15 minutuan. Zortzi emakumeek denbora bera izanen dute lanerako, baina 500 kiloko harriari tiratuz. Plaza gehien egiten dituenak irabaziko du desafioa.

Ikusmin handia piztu du desafio honek, ikusirik joan den urtean idiari gailenduz marka handia egin zutela Sunbillako gazteek. Aurten ere, saiatu gabe ez dira geratuko, eta seguru goi mailako ikuskizuna eskaintzen diotela hurbil¬tzen den jendeari.

 

Igandean XII. Ramon Latasa Saria

Abuztuaren 11n, igandean, 18:30etik aitzinera jokatuko da Ramon Latasa saria pilotalekuan. Hamabigarren urtez gogoratuko dute Ramon Latasa aizkolari handia zena bere sorterrian. Urteroko aizkora saio lehiatua bilakatu dute antolatzaileek, eta Latasa bezalako aizkolari trebeak eta izen handikoak gonbidatu dituzte aurtengoan ere. Guztira, hamabi aizkolari neurtuko dira, sei maila nagusian, beste sei gazte mailan.

Aurtengo maila nagusian hiru bikote hauek neurtuko dira: Floren Nazabal- Donato Larretxea; Aitzol Atutxa-Joseba Otaegi; eta Unai Otaño- Iñaki Azurmendi. Bikoteek lau probatan neurtuko dituzte indarrak. Aurrenekoan, bi kanaerdiko ebaki beharko dituzte bikoteek, baina aizkolari bakoitzak egur bana ebakiz. Bigarrengoan, kanaerdiko bat zutik eta 45 ontzako bi etzanda ebaki beharko dituzte. Hirugarrengoan, berriz, bakarkako lana dute, eta aizkolari bakoitzak launa kanaerdikora lehiatuko dira. Azken proban, txanda librean arituko dira, eta bikote bakoitzak lau kanaerdiko eta 60 ontzako beste lau moztu beharko dituzte. Proba guztietako denborak hartuko dituzte aintzat azken sailkapena finkatzeko.

Gazte mailan aurtengoa zazpigarren edizioa izanen da. Maila honetan hiru bikote hauek lehiatuko dira: Jon Rekondo-Oihan Larretxea; Ugaitz Mugerza-Ander Erasun, eta Jon Irazu-Ruben Saralegi.

Gazte hauek hiru proba desberdin egin beharko dituzte. Aurreneko proban, 45 ontzako bat zutik eta neurri bereko beste bi etzanda ebaki beharko dituzte. Bigarren proban bakarka aritu beharko dira, eta aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko eta 45 ontzako beste bi enbor moztu beharko ditu. Azken proba txanda librekoa izanen dute, eta bikote bakoitzak lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi moztu beharko ditu. Hauek ere, proba guztietako denborak hartuko dituzte aintzat azken sailkapena finkatzeko.

Beraz, aizkora zaleek hitzordu dotorea daukate datorren abuztuaren 11n Sunbillan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun