San Fermin egunean Uharteko Euskalen Nafarroako zaleak agurtu zituen eta orain, denei adio errateko tenorea ailegatu zaio Iñaki Lizaso erremontelari doneztebarrari. Larunbatean jokatuko du profesionaletako azken partida Galarretan. Urriza aitzineko koadroetan lagun duela, Koteto Ezkurra eta Joxe Etxeberria lagun eta herritarrak izanen ditu arerio.
21 urte eman ditu profesionaletan Lizasok. 2000. urtean buruz buruko txapeldun izan zen eta Ezkurrak aitzinean izan duen areriorik gogorrena izan zen. Bertze lau aldiz azpitxapeldun izan zen buruz burukoan, binakakoa irabazi zuen, baita bertze hainbat torneo ere.
Baina Kike Elizaldek ortzegunean emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez, «bere palmaresaren gainetik, erremontelari bakarra izan da, ordezkaezina, atzelarien jokatzeko modua irauli zuena». Larunbatean merezi duen omenaldia emanen diotela jakinarazi zuen Oriamendi 2010eko intendenteak. Halere, erremontea erabat ez uzteko eta ondorengo belaunaldiei dakiena erakusteko eskatu zion doneztebarrari.
Iñaki Lizasok denendako esker oneko hitzak izan zituen abuztuaren 7ko prentsaurrean. Erremontea uzteko erabakia sendoa dela aipatu zuen, «arras ziur nago urrats honetaz. Gauza aunitz ikasi ditut eta 21 urte iraun duen abentura honetan lagundu nauten guziak eskertu nahi ditut».
Larunbatean emozionatuko dela onartuta, kirol arloan kantxan guzia eman duela eta bere burua aunitz exijitu duela azpimarratu nahi izan du Lizasok: «Ez naiz txapel aunitz lortu dituen erremontelaria izan, Kotetorekin batera aritzeak badu horretan zerikusirik, baina nahiago dut hainbertze ez irabazi eta nere jokoan ailegatu naizen mailara ailegatu. Ezkurrak bertze arma batzuk bilatzera behartu ninduen, bere jokoari aurre egin ahal izateko. Atzelariaren joko tradizionalak ez zion minikegiten eta gauza berriak bilatu nituen. Ondorioz aunitz hobetu nuen eta erremontelari moduan eboluzionatu nuen, lehenago ikusi ez ziren gauzak egin nituen».
Larunbatean berriz ere kantxako betiko arerioa, baina herritar eta lagun handia izanen du aitzinean. Erremontelari haundi eta iraultzailea badoa. Erremontearen historian aztarna utziko duen atzelari haundia.