Baztan-Errekako 34. Laxoa Txapelketaren finala jokatu zen abuztuaren 3an Donezteben eta etxeko taldea suertatu zen garaile, 9 eta 5 irabazi baitzion Arraioz-i. Gisa honetara, hemezortzigarren txapela lortu zuen Doneztebek, nahiz eta azkenekoa 2008an eskuratua zuen. Iaz azpitxapeldun izan ziren doneztebarrak.
Doneztebe A taldean, Pascual Bertiz sakalaria (finaleko jokalari onena izendatu zuten), Koldo Legarra numeroa eta Javier Bertiz eta Jokin Arraztoa laurdenak aritu ziren. Arraiozko taldean, berriz, Iñaki Mihura sakalaria, Jon Gamio numeroa, eta Ketxus Laurnagarai eta Asier Zubikarai laurdenak aritu ziren. Finalerdietan bi talde sartu ditu aurten Arraiozek, baina txapelik ez dute lortu.
Partida hasiera berdindua joan zen hasieran eta Doneztebekoek lehen jokoa lortu eta gero Arraiozkoak aitzinetik ere izan ziren, baina azkenean Doneztebe nagusitu zen (1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 5-3, 5-4, 8-4, 8-5 eta 9-5).
Juan Mari Artazkoz doneztebarra, Txuma Prim iruritarra eta Miguel Maritorena arraioztarra izan ziren epaile eta Doneztebeko Juan Telletxea aritu zen marrak zaintzen.
Hirugarren posturako norgehiagokan Oizek 9 eta 7 irabazi zion Arraioz Bri. Oizekin Iker Bereau sakalaria, Lander Mendiola numeroa eta Iñaki Mendiola eta Ugutz Zelaieta laurdenak aritu ziren eta Arraioz Brekin Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Aritz Alunda eta Miguel Maritorena.
Sariak
Doneztebeko Oskar Mindegia eta Jose Luis Legarra zinegotziek jantzi zieten txapelak txapeldunei eta Arraiozkoek Nafarroako Pilota Federazioko Ramon Iriarte presidentearen eskutik hartu zituzten sariak. Hirugarren saria, Doneztebeko La Caixako Ana Juanenak eman zien Oizkoei eta laugarrena, Pilotarien Batzarrako Josean Arroyok Arraioz Bkoei.
Pilotari onenari Mikel Eizagirre zaleak eskaintzen duen saria Doneztebeko Pascual Bertizentzat izan zen. Jose Luis Arozena guantegileak guante bat eman zien txapeldunei eta bertze bat zozketatu. Azken hau Xabier Maritorenari suertatu zitzaion. Urdaiazpikoa ere zozketatu zen eta hau Jose Mari Iribarrenentzat izan zen.