Añeriko Lorategian egiten ari diren lanak aurten akituko direla aurrikusi dute, hura errekuperatu eta Bertizko Natur Parkeko bisitariek erabili eta goza ahal dezaten datorren urtetik aitzinera. Horretarako, 2013an gaizki osatutako edota gaixo dauden zuhaitzak mozten segituko dute, bideak mugatzen, lurreko eskailerak konpontzen, eta heskaiak inausten. Lan horiek guztiak 2012ko hasieran egiten hasi ziren.
Hala jakinarazi zen uztailaren 31ko Parkeko Patronatuko bileran, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari José Javier Esparza buru zela.
Bileran azpiegitura, erabilera publiko eta kontserbazioko arloetan 2011n eta 2012an egindako jarduera nagusiak errepasatu ziren, eta 2013rako aurreikusitakoak aurkeztu; urte honetan Nafarroako Gobernuak 363.700 euro inbertitzea aurreikusten du.
2013an aurreikusitako jarduerak
Bertizko Parkeko erabilera publikoari dagokionez, berrikuntza gisa, ingurumen-boluntariotzaren kontzeptua sartu nahi da eta, horretarako, izan daitezkeen jardueren proposamen bat eta boluntarioen prestakuntza landuko da. Bertzalde, Bertizko Natur Parkeak gidatutako ibilbide-zerbitzuen eskaintza handituko du Lorategi Botanikoaren eta Baso Mintegiaren arteko ibilbide berria abian jarriz.
Gainera, aitzineko urteetan bezala, ekitaldi honetan jendearentzako arreta ematen segituko dute hainbat ekipamendutan (Dokumentazio Zentroa, Harrera Etxola, CIN, Lorategi Historiko-Artistikoa, Kotxe-tokia…), jendearentzat orokorrean bisita gidatuen zerbitzua eskainiz. Modu berean, udazkeneko eta udaberriko eskola-kanpainen bisitei erantzuten segituko dute, eta haientzat eskura dagoen materiala berritu eta eguneratu da.
Era berean, zaintzen, azpiegituren mantentze-lanen eta garbiketako zerbitzuarekin segituko dute. Gogoratu behar da 2011n Parkeak 71.250 bisitari hartu zituela, eta 2012an, 70.168. 2013ari dagokionez, urtarrila-ekaina aldian 30.240 bisitari izan ziren.