Zuren inguruan Lanbide Heziketarako materiala sortzeko, Euskal Herriko Zuren Ezaugarritze Proiektua jarri dute martxan. Horren harira, Euskal Herrian hedatuak dauden douglas izeia eta alertze japoniarraren ezaugarriak ikertzen ari dira, eraikuntzako egituretan erabili ahal izateko.
G. PIKABEA
Hiru txerritxoen ipuinak kontatzen duenez, lastozko etxea erraz bota zuen otsoak putz eginez, gehixeago kostata baina egurrezko etxea ere bota zuen. Ez, ordea, adreiluzkoa, sendoagoa zelakoan edo. Azken hau egurra baino hobea izan dela pentsatu izan da, baina hala ote? Hortxe ditugu zurezko egitura duten eta ehunka urte dituzten baserriak eta hainbat herrialdetan egurrak duen erabilera lekuko. Mende aunitzetan, eraikuntzan gehien erabilitako materiala egurra izan zen. XX. mendean, aldiz, ormigoia sartu zen eta geroztik hura erabili da batez ere. Baina, orain, berriz egurraren erabilera indartzen hasia da.
Egurrak, ongi erabilita, bere aukerak badituela iritzita, proiektu berria paratu dute martxan Irungo Bidasoa Institutuan: Euskal Herriko Zuren Ezaugarritze Proiektua. Lanbide Heziketako zikloetarako materiala prestatzeko helburuarekin hasi ziren egitasmo honekin lanean, eta horrekin batera, Euskal Herriko bi zuren ezaugarritze prozesua lantzen hasi ziren, gerora eraikuntzako egituretan erabili ahal izateko: Douglas izeia (Pseudotsuga meziesii) eta alertze japoniarrean (Larix Kaempferi) oinarritu dute ikerketa.
Bidasoa Institutuko Zurgintza eta Altzarigintzako Mintegiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean aurkeztu zuen proiektua: «gure helburua Lanbide Heziketako zikloetarako eduki didaktikoak sortzea zen. Egurraren inguruan dagoen bibliografia oso goi mailakoa da eta Lanbide Heziketarako material gutxi dago. Hori izan zen abiapuntua. Zuhaitzak basotik bota eta prozesu guztia jarraitu nahi genuen, bideoz grabatuta, irakasle, enpresa nahiz ikasleentzako gidaliburu digital bat sortuz [http:// normadera.tknika.net]». Halaxe kontatu digu Mari Jose Barriola leitzarrak, Bidasoa institutuko irakasleak eta proiektuaren arduradunetako batek. Eta Hezkuntza Sailak onartu egin zien.
Basotik hasita, lan hau guztia egiteko Gipuzkoako Foru Aldundira eta Nafarroako Gobernura jo zuten, eta berrikuntzara bideratutako Eusko Jaurlaritzako diru laguntza bat ere lortu zuten. Ikerketa honekin, «material didaktikoa osatzeaz aparte, douglas izeia eta alertze japoniarraren ezaugarritze prozesua ere egiten ari gara», dio Barriolak. Lanbide Heziketarako Berrikuntzako eta Etengabeko Ikaskuntza Zentroa, Tknika, ari da proiektua koordinatzen.
EUSKAL HERRIAN ZABALDUTAKO ZUHAITZAK
Eta zergatik bi zuhaitz horiek? Ba «biak ere eraikuntzako egituretan oso erabiliak izan direlako. Bi material horiei irtenbide bat emateko aukera izan da». Xehetasun gehiago ere eman dizkigu: «kanpotik izei asko ekartzen da, ezaugarritze prozesu hori egina dutelako eta arkitektoek badakite zura horrek nolako erresistentzia duen. Hemengoaren ezaugarriak, ordea, oraindik ez ziren ezagunak. Alertzea, berriz, betidanik erabili izan den egurra da eta hortxe dago gure basoetan, moztu gabe. Askotan zuhaitza moztea bekatu bezala hartua dago, baina ez da horrela, landatu egin behar dira, baina baita moztu ere. Basoetan gaixotasun asko sor daitezke, bere garaian ez direlako moztu».
HERRI JAKINDURIA
2011ko irailean hasi ziren proiektuarekin. Douglas izeiaren 45 piezako lau lote prestatu zituzten, eta alertzearen 7 lote. Eskualdean barna ere ibili dira loteak osatzen, Beran eta Lesakan, hain zuzen. Gainerakoan, Gipuzkoan, Ataunen eta Zegaman osatu dituzte. Behin zuhaitzak markatuta, moztu egin zituzten eta laborategiraino eramanen diren ohol-enbor bakoitzaren trazagarritasuna egin dute plaka sistema bat erabiliz.
Esperientzia honetan oihangintzaren inguruko herritarren jakituria ere bildu nahi izan dutenez, zuhaitzak ebakitzeko garai egokia zein den kontuan hartu dute. Zuhaitzak negu partean moztu zituzten, eta bi ilargi fasetan, ilberrian eta ilbeheran, «ilargiak egurraren kalitatean eragina duen ala ez ikusteko eta eragile biotikoen aurrean laborategian azterketak eginen dira», azaldu digu leitzarrak. Beste teknika bat ere erabili dute, ultrasoinuena: «Europako herrialde batzuetan basotik egurra moztu gabe sailkatu egiten dute teknologia berrien aukerak aprobetxatuz. Teknologia horiek ematen dituzten balioen arabera, zertarako erabiltzen ahal den ikusten dute. Zura, zutik edo ebakia dagoela, sailkatzeko ultrasoinuek zura zeharkatzeko behar duten denbora neurtu dugu. Zurak barrenetik akatsak baldin baditu, uhina poliki-poliki joaten da eta egurra ona baldin bada, oso azkar. Horrela, zuhaitzak basoan berean sailkatzen ahal dira».
Douglaseko ezaugarritze prozesua bukatuta dagoen arren, alertzearen kasuan, oraingoz, neguan botatako zuhaitzak menditik atera dituzte. «Eguraldi txarrarekin ezin izan dugu lehenagotik atera», esan digu Bidasoa institutuko irakasleak. Eta orain zerratik pasatuko dituzte, eta handik laborategira joanen dira, laborategiko saiakuntzetarako probetak ere hartu baitituzte.
Douglas izeia eta alertze japoniarraren ezaugarritze prozesua bukatuta, beste egitasmoekin segitzeko asmoa dutela azaldu digu Barriolak: «proiektu berriekin segitu nahi dugu. Lantalde polita egin dugu eta Administrazioak ere lanean segitzeko prest daude, ezaugarritze prozesua egin gabe duten bertze espezie batzuena egiteko». Suitzako unibertsitateko irakasle batekin elkarlanean ari direla ere aipatu digu. Baina horiek etorkizuneko asmoak dira. Orain, izeia eta alertzearen ikerketa dute eskuartean, eta urte honen hondarrerako emaitzak eskuartean izatea espero dute.
Mari Jose BARRIOLA, BIDASOA INSTITUTUKO IRAKASLEA ETA PROIEKTUAREN ARDURADUNETAKO BAT
«Bere garaian bota eta ongi erabiliz gero, egurra material ona da»
Gaur egun ongi erabiltzen al da egurra?
Askotan, egurra material txarra dela esaten dugu, beste materialekin konparatuz mugitzen dela, haunditzen dela... Baina egurra material ona da, bere garaian botatzen bada, ongi lehortu eta egitura diseinua ongi egiten bada. Gaur egun, egurra edozein garaitan botatzen da, ekainean, uztailean, abuztuan... eta horrek bere ondorio txarrak ekartzen ditu. Hor ditugu gure inguruan dauden jauregiak, dorretxeak eta zurak oso ongi mantentzen dituzten baserriak. Garbi adierazten dute gure arbasoek ondo ezagutzen zituztela etxegintzan erabiltzen zituzten lehengaien ezaugarriak eta lantzeko erak. Negu garaia izaten zuten beti egurra botatzeko eta ilargiari ere begiratzen zioten. Gero, denbora jakin batera, ongi lehortuta lantzen zuten. Gure asmoa aspalditik galtzen ari den lehenagoko jakinduria berreskuratzea ere bada, egurrarekin nola lan egin behar den ikusteko. Egurra gaizki erabilita akats asko egin dira. Egurra material bizia da, moztu eta bota arren bizirik segitzen du, eta hori kontuan izanda eta ongi erabilita, ormigoia baino hobea izan daiteke. Gainera, ingurumena eta garapen jasangarria aintzat hartuz, ez dago egurra baino material hoberik. Egurrak badu etorkizuna eta bere bizitza luzea izanen da.