«Lanean aritu ahal izateko guretzat garrantzitsuena lizentzia lortzea zen»

Gurutze PIKABEA 2013ko uztailaren 26a

Joseba Igarabide Xaloa Telebistako zuzendaria Utzitako argazkia

Lurreko Telebista Digitala sartu zenetik, egoera alegalean dabil Xaloa Telebista: ia 16 urte lizen­tziarik gabe, eta azken aldian, diru lagun­tzarik gabe. Orain, berriz, Nafa­rroa­ko Go­ber­nuak Iru­ñerrian eta Nafarroa osoan emititzeko lizen­tziak esleitu dizkio. Nafarroan euskarazko te­le­bistentzat aukera berria ireki dela erran du batek baino gehiagok, Gobernuak euskara kon­­tuan har­tzen duten hiru proiekturi bortz lizentzia banatu baitizkie: Xaloa eta Abian Ko­mu­ni­kazioari Iruñerako eta Nafarroa osorako bina eta Hamaika telebistari Iru­ñerako bat.

G. PIKABEA | ESKUALDEA

Zein da gaur egun ­Xaloaren egoera?

Momentu honetan egoe­­ra nahiko larria da, estu gaude. Alde batetik, azken urteotan he­da­bi­deen­dako ematen diren diru laguntzak ez ditugu jasotzen eta horrek estutu egin digu ekonomia. Bertzetik, publizitatea da gaur egun diru iturri nagusia eta publizitaterako ez dira garairik onenak. Horren ondorioz, langileak ERE batean daude duela urte batetik honat, nahiz eta ekoizpena ateratzeko konpromisoa hartua duten. Lanean berdin segitzen dute, baina ERE baten barrenean ari dira. 

Nafarroako Gobernuak Iruñea aldeko lizentziaz gain, Nafarroa osoan­ emititzeko lizen­tzia ere eman dizue. Zein da egin duzuen lehen balorazioa?

Lehen balorazioa positiboa izan da. Lizentzia izatearekin batera, gu­ttie­nez diru laguntzak jaso ahal izanen ditugu. Bi aukera eman dizkigute, eta lanean segitu ahal izatea ahalbideratuko diguna aukeratu nahi izan dugu. Gure eskualdean emititu ahal izateko Nafarroa osokoa garestia da, baina Iruñekoa hartuta ikusi behar da eskualdean emititzea bermatuko digun.

Espero zenuten?

Zalantza haundiak genituen. Iruñerako lau lizen­tzia zeuden eta hiru proiek­tu aurkeztu ginela ikusita, agian aukera bat izaten ahal genuela pentsatzen genuen. Autonomikoan bi lizentzia zeuden eta hiru proiektu­ aurkeztu ginen. Hor ez genuen pentsatzen aukerarik izanen genuenik. Kasu honetan biak eman dizkigute eta sorpresa erlatiboa izan da. Bertze­ aldetik, Xaloa Telebistak lanean segi zezan eskatuz, Par­lamentuak Nafarroako Gobernuari egindako agindu bat ere bazegoen.  

Nolatan pentsatu zenuten gure eskualdetik Iruñera edo Nafarroa osora hedatzea?

Eskualderako lizentzia bat eska­tu izan dugu aspalditik, baina badirudi zailtasun haundiak daudela eskualdea demarkazio baten barrenean sar­tzeko. Errazago ikusten zuten modu honetara lizentzia ematea. Lanean segitze­ko lizen­tzia eskuratzea behar-beharrezkoa genuelako aurkeztu ginen lehiaketetara. Aterabide bat bilatu behar genuen, ez zen guk nahi genuena, baina ezin genuen beti esperoan egon. Aurtengo urrian 16 urte beteko ditu Xaloa Telebistak egoera alegalean lanean eta aurrerapauso bat ematea erabaki genuen. Ber­tzela, lizentziarik gabe, eta ondorioz, diru laguntzarik eta deus gabe, ito eginen ginateke. 

Nola aldatuko da zuen proiektua?

Eskualdetik at egin beha­rreko guztia erronka haun­dia da Xaloarendako. Gure eskualdeari zerbi­tzua ematen segituko dugu eta eskualderako orain arteko programazio bera­ mantendu nahi genuke. Eskualdean emititu ahal izatea bermatu nahi dugu. Eta hori garbi dugu, hemengoak gara, hemen sortuak eta hori izanen da lehentasuna. Eta hortik goiti ahal dugun guztia eginen dugu. Gure­tzat garrantzitsuena lanean aritu ahal izateko lizen­tzia eskuratzea zen. Hori­ da abiapuntua. Diru alde­tik juxtu gabiltza eta juxtu segitzen baldin badugu, erantzu­ten ahal du­gu­nari erantzunen diogu. Edozein moduz, proiektua oraindik mar­txan jarri arte urte bateko epea izanen dugu eta urte horretan gauza aunitz ai­tzinera­tzen ahal dira. 

Euskarazko telebistentzat aukera berria ireki da Nafarroan?

Bai, noski. Euskaraz lan egiten duten hiru proiekturen artean bortz lizen­tzia banatu ditu Nafa­rroa­­ko Gobernuak. Gisa honetara euskararendako atea irekia gelditu da Nafarroan.

ERABAKIA ASTE HONETAN

Xaloa Telebistak Iruñerrian eta Nafa­rroa osoan emititzeko bi lizentziak eskuratu ditu. Lerro hauek idaz­­terakoan oraindik deus erabaki gabea zuen, baina uztailaren 23rako eman beharra zuen erantzuna, Gober­­nua­ren proposamenak onartzen di­tuen ala ez adieraziz. TTIPI-TTAPA­­ri adiera­zita­koaren arabera, bi lizentzietako bat har­tzeko asmoa zuen, eskualdean emititzen segitu ahal izatea ahalbidetuko diona.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun