Pronostikoak bete zituen Endika saldiastarrak eta Matxin VI.ari 30-20 irabazita bertze urrats bat eman du buruz buruko Kutxa erremonte txapelketan sartzeko. Eskaileraburuan Juaristi izanen du esperoan eta partida horretako irabazleak lortuko du txartela.
Hasieran espero baino lan gehiago egin behar izan zituen Endikak Matxin VI. Menperatzeko. Partida hasiera berdindua joan zen, baina hemezortzina zirela, tantu gogor eta borrokatu bat Saldiaskoaren alde erori zen eta horrek min egin zion Azpeitiako aurrelariari. 2-12ko partzialarekin garaipena lortu zuen Endikak. Saldiaskoak zortzi tantu egin zituen sakez eta 16 piloteoan, baina konfidantzarik gabe somatu zitzaion. Halere, bere baliabideak erabili zituen Matxin VI. menperatzeko. Jaialdiko partida nagusian, Juaristi eta Julen San Miguel doneztebarrak tantu bakarrarengatik irabazi zieten gaur egungo txapeldunei, Urriza eta Barrenetxea IV.ari.
Uztailaren 23ko emaitzak Galarretan
1. Otaegi-Larrañaga, 27; Segurola-Aizpuru III, 35.
2. Urriza-Barrenetxea IV, 39; Juaristi-San Miguel, 40.
3. Etxabe II-Labaka, 40; Juanenea-Saldias, 34.
4. Matxin VI, 20; Endika, 30. KUTXA 2013 SAILKAPENA