Sarako ezker abertzaletik azken atxiloketak deitoratu dituzte eta Aitor Zubillaga taldekideari elkartasun osoa adierazi. «Euskal Herria bake bidean urrats egiten ari den bitartean, Espainiako eta Frantziako gobernuak beti tinko segitzen dute euskaldunen kontra. Borroka armatua zuten geldiarazi nahi, baina hori finitu ondoan argi ikusten dugu aitzakia hutsa zutela» diote oharrean.
Oharrean jakinarazi dutenez, «Aitor Saran bizi da familiarekin, Senperen ari da lanean, haurrak Sarako ikastolan ditu eta bizi arrunta egiten zuen Herrian, ekainaren 26an atxilotu zuten arte. Pilotara bere semearen bila zoalarik, herriko kiroldegian arrastatu zuten, aurpegia gorderik eta armak eskutan zituzten dozena bat poliziak. Burua estali zioten eta beraien otoan sartu, Baionaraino ezin izan zituen begiak ideki. Nehork ez zuen deus ikusi orduan, eta bere emazteari ere ez zioten abisatu oren bat eta erdi berantago baizik eta semea aitaren zain egon zen bi orduz!».
Bururatzeko Uztailaren 20an, larunbat arratsaldeko 4etan Baionako Euskaldunen plazatik abiatuko den manifestaldirako deia egin du Sarako Ezker Abertzaleak.