Iruñean jokoan zeuden herri kiroletako azken txapelak ere eskualdera ekarri dituzte

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 15a

Larunbateko jaialdian aritu ziren eskualdeko kirolarietako batzuk, Unai Bertiz eta Xanta Souza txapeldunekin. Eneritz Iraola

Eneko Telletxea lasto altxatzen, Unai Bertiz harri jasotzen, Xanta Souza txinga eramaten, Joseba Petrirena orga-jokoan eta Donato Larretxea eta Jon Rekondo binakako aizkora txapelketan garaile

Ohikoa denez, Iruñeko Sanferminetan Nafarroako hainbat herri kirol txapelketa jokatu dituzte. Azkenekoak asteburuan egin dira eta txapel xorta ederra ekarri dute eskualdera herri kirolariek.

Ohikoa denez, Iruñeko Sanferminetan Nafarroako hainbat herri kirol txapelketa jokatu dituzte. Azkenekoak asteburuan egin dira eta txapel xorta ederra ekarri dute eskualdera herri kirolariek.

Ortziralean, Nafarroako lastoa-altxatze txapelketa jokatu zen. Hamahiruna altxaldirekin berdinduak bukatu zuten bi minutuko lehia Eneko Telletxea eta Arkaitz Retegi igantziarrek, baina epaileek Telletxeari eman zioten txapela, bera izan baitzen bi minutuak lehian eman zituen bakarra. Hirugarren, Etxalarko Jabier Galarregi izan zen.

Larunbatean, Nafarroako harri-jasotze txapelketa seigarren urtez segidan jantzi zuen Unai Bertiz sunbildarrak, pronostikoak betez. Harri guziekin nagusi izan zen, zilindroa 22 aldiz berdindu baitzuen bizkar gainean, kubikoa 14 aldiz eta bola 18 aldiz. Denera, 6.125 kilo altxatu zituen. Bigarren, Xabier Ariztegi “Santxin” etxalartarra izan zen, 5.000 kilorekin (18 aldiz altxatu zuen zilindrikoa, 12 kubikoa eta 14 bola) eta Aldazko Xabier Igoa izan zen hirugarren (4.100 kilo). Josetxo Urrutiak ez zuen parte hartzerik izan.

Emakumezkoen txinga txapelketan, berriz, Xanta Souza lesakarra izan zen irabazle, 32 plaza pasaturekin. Iaz, 13 gehiago egin zituen, baina beroak ez zion gehiagorako aukerarik eman. Bigarren Nagore Diaz iturendarra izan zen, 28 plaza pasaturekin. Dexente gibelerago gelditu ziren Leire Astiazaran, Baztan-Bidasoa Herri Kirol Taldeko zizurkildarra, 10 plaza pasaturekin, Maika Ariztegi iturendarra (9 plaza) eta Itxaso Ontsalo aresoarra (8 plaza).

Igandean, Nafarroako binakako aizkora txapelketa jokatu zen. Proba gehienean aitzinetik ibili ziren Floren Nazabal eta Aurtizko Ander Erasun, baina azken enborrean nagusitu ziren Donato Larretxea aranztarra eta Jon Rekondo leitzarra, 22 minutu eta 4 segunduko denborarekin. Nazabal eta Erasunek 14 segundu gehiago behar izan dituzten eta Antonio Senoseiain eta Juanjo Lopezek 25 minutu eta 38 segundutan burutu zuten sei kanaerdiko eta bertze horrenbertze 60 ontzako mozteko lana.

Orga-jokoan, azkenik, Joseba Petrirena beratarra gailendu zen, hiru plaza eta erdi eta 2,50 metro eginda. Bigarren Metautengo Simon Tomas Callaghan izan zen (3 plaza eta laurden eta 4,58 metro) eta hirugarren Iruñeko Alvaro Zugarrondo, plaza bat eta laurden eta 3,79 metro eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun