Oinarrizko osasun zerbitzuak osorik euskaraz ez direla ematen salatu du UEMAk

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 12a

UEMAko kideak agerraldian, tartean Marisol Taberna Berako alkatea, Garazi Taberna Berako zinegotzia eta Andone Salbarredi Leitzako zinegotzia direla. Utzitako argazkia

Mankomunitateko kide diren Nafarroako 14 udalerrietan, zazpi pediatretatik lauk ez dakite euskaraz

UEMAk udalerri euskaldunen erabateko euskalduntzea bultzatzen dihardu. Udaletatik abiatu, eta herritarrek eremu pribatuan zein publikoan euskaraz bizi ahal izatea du helburu mankomunitateak. Mankomunitatean biltzen diren udalerrietako oinarrizko osasun zerbitzuetako hizkuntza errealitatearen berri eman dute, familia mediku eta pediatren inguruko datuak. Agerraldian, Maren Belastegi UEMAko lehendakariarekin batera, eskualdeko hautetsiak ere izan ziren Nafarroako ordezkari, Marisol Taberna Berako alkatea, Garazi Taberna Berako zinegotzia eta Andone Salbarredi Leitzako zinegotzia. Egoera oso kezkagarria da Nafarroan. UEMAko kide diren 14 udalerrietako bakar batek ere ez dauka oinarrizko osasun zerbitzua bere osotasunean euskaraz emateko bitartekorik. Beran erraterako, herritar guztiak daude, bai familia mediku baita pediatrarekin ere, gaztelaniaz hitz egitera behartuak.

Familia medikuen kasuan, egoera hobea bada ere, hiru udalerritan mediku erdaldunak egoten jarraitzen dute. Eta horietatik batean, guztiak dira erdaldunak gainera. Familia medikuen kasuan, ordezkapenen gaiak ematen ditu arazoak normalean, izan ere, ordezko medikuak datozenean, gehien gehienetan erdaldunak izaten baitira. Eta horren adibide ekainean bertan Baztanen gertatutakoa. Mediku euskaldun baten tokira erdalduna bidali dute, eta oso kexu dira herritarrak.

Pediatrei dagokienean, Nafarroan UEMAko kide diren 14 udalerrietan 7 pediatra aritzen dira, eta horietatik 4k ez dakite euskaraz, hau da, haurren ia %100 euskalduna den eremuan, pediatren %71k ez du haurrek egunerokoan darabilten hizkuntzarik ezagutzen.

UEMAk Osasunbidearekin bilera egin zuen udalerri euskaldunetako egoeraren berri eman, eta gutxiengo batzuk adosteko helburuz; eta egia da bilera sintonia onean joan zela eta egindako eskaerak egokia iruditu zitzaizkiela. «Baina herritarrek hori baino zerbait gehiago behar dute. Hitzetatik ekintzetara pasatzea. Eta hori ez da gertatzen ari dena» adierazi dute UEMAtik.

Osasunbideak bere burua euskalduntzeko planik ez du, ez eta aurrera begira egiteko asmorik ere; beraz, sortzen diren arazoei irtenbidea bilatzeko oinarrizko arazoak topatzen dituzte eta topatzen jarraituko dute. Horrela, Nafarroako udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideak urratuak dira, etenik gabe.

Euskal Autonomi Erkidegoko datuak Nafarroakoak baino hobeak izan arren, udalerri euskaldunenetako herritarren oinarrizko zerbitzuak euskaraz emateko gaitasun eza agerian uzten dute, eta horrek herritar askoren hizkuntza eskubideak urratzea dakar.

Gauzak horrela, UEMAren ustez «beharrezkoa bezain presazkoa da udalerri euskaldunetan osasun zerbitzuak bere osotasunean euskaraz bermatzea». Horretarako, euskara plan sendoa diseinatu eta garatu beharko lukete, bai Osakidetzak eta baita Osasunbideak ere. UEMAk bere aldetik, hori horrela izan dadin lan eginen du, bi erakundeokin eta beharrezko diren beste hainbatekin harremanak eginez eta elkarlanean arituz, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun