817 pertsonek babestu dute erretiratuen egitasmoa

Fernando ETXEBERRIA 2013ko uztailaren 11

Ekainaren 26an bildu zen zuzendaritza batzordea Donezteben

Arkupeak elkarteko zuzendaritza batzordea ekainaren 26an bildu zen, bazkideen interesekoak diren zenbait gai lantzeko. Gaur egun defizit txiki bat duten kontuen berri eman zuen presidenteak, baina hori moldatu eginen da aportazio ezberdinekin. Esate baterako, “Zuk aukeratu, zuk erabaki” programan 817 pertsonek babestu dute Arkupeak elkartearen egitasmoa eta beraz, 8.170 euro jasoko dira.

Aurten, bazkideen besta urriaren 17an ospatuko da Donezteben eta bertan omenduko dituzte 85 urte betetzen dituzten bazkideak eta Urrezko Ezteiak ospa­tzen dituzten senar-emazteak. Elikagai Bankuko komisioari laguntzeko eltzeitsua ere egun horretan jarriko da, beharrean dauden per­tsonei janaria erosi ahal izateko.

Elkartearen egoitzako bigarren solairuan dagoen bilera aretoaren barnean podologaren­tzat gelatxo bat ere egokituko da. Ordua eska­tzeko 629 821039 telefonora deitu behar da.

BIDAIAK
Bidaietako anbulan­tziaren erabilera ere interes handiko gaia da. Bi aukera aztertu dituzte batzordean: orain arte bezala segitzea edo profesional bat (mediku, erizaina) bertan izateko aukera. Itxura batean, Arkupeak da bidaietan anbulantzia bat erabil­tzen duen elkarte bakarra, diru-laguntzetan ere jeitsiera handia izan da eta gastuak kentzeko aukerak aztertzen ari dira.

Ekainaren 19an mendizale taldetxo bat Saioa­ra igotzen saiatu zen, baina eguraldi txarraren ondorioz, Txarutara joan ziren egoera onean zeuden bide eta pisten barna, gero Almandozko Beolan bazkaltzeko. Biharamonean, Gesaltza-Añana bisitatu zuten 140 bazkidek. Erromatarren garaitik gaur egunera arte gatz produkzioaren berri eman zien gidari batek. Gasteiz bisitatu zuten gero.

17 mendizale joan ziren uztailaren 1ean Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi, Orhi, Txamantxoia, Lakora eta Lakartxela igotzera.

Beste alde batetik, 99 lagunek eman dute izena irailean Carlomag­­noren Bidea egiteko. Bidaia bi taldetan egitea rabaki da.Hilaren 10ean Lei­tzaldea, Malerreka eta Bor­tzirietako bazkideak aterako dira eta 11n Zuga­rramurdi, Urdazubi, Baztan eta Bertizaranakoen txanda izanen da.

Uztailean, Aralarko santutegira joango dira aiton-amonen eguna ospatzera eta gero Go­rraizko Gazteluan bazkalduko dute. Abuztuan, berriz, Aran­tzazun izanen dute hi­tzordua eta irailean Lezon eta Benidormen barrena ibiliko dira.

Azkenik, 23 bazkidek eman dute izena Santiago Bidea egiteko. Hasiera batean irailean egitekoa zen, baina beharbada abuztu hondarrera aurreratuko da.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun