Ekainaren 22an ospatu zen Ofizio Zaharren Eguna. Eguraldi pattalak tarte bat hartu zuen zorionez eta bazkalondora arte eguzkia izan zuten lagun.
Goizez artisauek beraien postuak paratu zituzten; herriko hiru emakume ere taloak egiten eta saltzen aritu ziren, irina akitu zen arte.
Eguerdian belar meta egin zen plazan, gaur egun leku guttitan egiten dena. Gainera, belar zamak kable batetik zilintzan jautsi zituzten, inguru hontako hainbat leku aldapatsutan erabiltzen zen teknikaz. Egia erran, etzen kanpotar aunitzik etorri, baina agertu ziren herritarrekin, frontoi zaharreko xokuan giro polita izan zen.
Eta ondotik bazkaria, internazionala erran genezake. Iturenen, Georginaren baserrian ostatu hartzen duten ingeles eta amerikarrak mahaian izan ziren; Markinatik bi neska etorri ziren eta baita ere Iruñean bizi diren bi mutil: bat argentinarra eta bertzea kataluniarra, biek ere euskaldunak!
Erramun Martikorena abeslaria ere bertan izan zen bere ahots finarekin bazkalondoa goxatzen. Beñat Mitxelena izan zuen lagun akordeonarekin eta ederki moldatu ziren.
Julio Soto eta Iker Zubeldiak ere ez zuten hutsik egin eta bertso saio luze eta animatua eskaini zuten. Hortik aitzinera, dantzak eta solasak, gorputzak iraun zuen arte.