Giro ederrean joan dira San Pedro bestak

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 11

Trapatan dantzako dantzariak eta musikariak. Alicia DEL CASTILLO

Itziar Irigoienek bota zuen altxaferoa, txistulari taldearen izenean

Giro ederrean joan dira Doneztebeko San Pedro bestak. Ekainaren 28an, Itziar Irigoien Perurenak txistulari taldearen izenean botatako txupinazoaren ondotik besta giroan karrikaz karrika ibili ziren gazteak.

San Pedro egun handian, dantzen tradizioak fin bete zituzten. Eduar­do Almandozek bandera dantzatu zuen hamekagarren urtez eta dantza taldeak Trapatan dantza luzea eta bertze ohiko dantzak eskaini zituen Meza Nagusiaren ondotik. Arra­tsaldean, Errekako dantzariek ikuskizun paregabea eskaini zuten, herriko musika talde eta Mendi Abesbatzaren laguntzarekin. Ehundaka lagunek gozatu zuten ikuskizunarekin Bear-Zana pilotalekuan.

Ekainaren 30ean, udal txikia osatu zen eta haurrei eskainitako eguna ospatu zuten. Izaro Aldabe izan zen alkate ttikia, Mikel Atxalandabaso bake-epaile, Michelle del Villar banderazaina eta Aimar Zestau, Janire Iribarren, Inmaculada Ibarrola, Irati Oiartzabal, Ander Berasategi, Iñaki Gonzalez, Yeray Legazkue eta Joseba Bengoetxea udal ttikiko zinegotziak.

Uztaileko lehen egunean, Intzakardiko parkean egindako herri bazkariarekin eta hondarreko ospakizunekin akitu ziren San Pedro bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun