Egun bizi dugun krisi ekonomikoaren eta puntu honetaraino ekarri gaituzten egoeren aurrean hainbat proposamen plazaratzen ari dira bai Euskal Herrian baita gure eskualdean ere. Honen inguruan, Bidazi elkarteak Ekonomia solidario eta alternatiborako proposamenen aurkezpenak eginen ditu. Horrela, uztailaren 11n Coop57 eta Trukeados-en aurkezpena eginen da 19:00etan Berako Beralandetan. Uztailaren 16an Con tu dinero dokumentalaren emanaldia eta "Fiare" banka etikoaren aurkezpena eginen da Lesakan, Koskontako Bideko erabilera anitzeko aretoan.
Coop57 banka etikoaren printzipioetan oinarritzen da, eta proiektu sozial eta etikoak finantzatzeko kooperatiba da. Katalunian sortu zen, baina Aragoi, Madril, Andaluzia eta Galizan ere presente dago, eta egun Euskal Herrian osatzen ari dira. Trukeados-ek denbora trukearen bidez lan egiten duten zenbait talde biltzen ditu, horietako batzuk zonaldekoak. Con tu dinero dokumentalean bankuek gure diruarekin egiten dutenaren berri ematen zaigu eta azkenik, Fiare banka etikorako proposamena aurkezten da, ekonomi eta gizartearen helburu pertsonak dituena.