Euskokultur Fundazioak haur txikiak dituzten familientzako aproposa izanen den materiala argitaratuko du. Euskarri multimediako materiala izanen da, liburuaz, CDaz eta DVDaz osatua eta lan horien grabaketa lanetan ari dira eskualdeko neska-mutikoak ere.
Azken urteotan Nafarroako ondare ez materiala biltzen aritu da fundazioa, eta gure herrietan hainbat grabazio egin dituzte. Bildu duten materialaren artean haurrekin erabiltzeko kantuak, ipuinak, jolasak eta formulak daude, eta horrekin guztiarekin argitalpen hau prestatzea erabaki dute.
Hain zuzen ere CDaren grabaketan parte hartzen aritu dira eskualdeko hainbat neska-mutiko, Leitzakoak (Aralar Musika Eskola), Baztangoak (Elizondoko Abesbatza Ttikia) eta Bortzirietakoak (Bortzirietako Bertso Eskola). Irudietan ageri dira, estudioan, kantuak grabatzen. Uda pasa ondotik DVDaren grabaketan parte hartzeko elkartuko dira berriz ere.
Argitalpena urte akaberarako prest izanen da eta salgai izanen da ohiko tokietan.