Maika Ariztegi iturendarrak ez du parekorik. Herri kiroletan fin moldatzen dela erakutsi izan du aunitzetan, txokor biltzen, aizkoran... Baita ingude altxatzen ere. Atzo jokatu zen Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketa Iruñean, sanferminetako egitarauaren barne, eta iturendarrak irabazi ez ezik, Nafarroako errekorra hobetu zuen. 92 altxaldi eman zizkion 9 kiloko ingudeari minutu eta erdiz. Xanta Sousa lesakarra bigarren gelditu zen, 82 altxaldi egin ondotik, Nagore Diez iturendarra hirugarren 81 aldiz jasoz eta Esti Gastearena iruñearra laugarren, 73 jasoaldirekin.
Gizonezkoen Ingude Altxatze Txapelketa ere atzo jokatu zen Iruñean. 18 kiloko ingudea minutu eta erdiz altxatu behar izan zuten Ander Iribarrenek eta Aritz Izuzkizak. Azken honek, Berako Herri Kirol Taldeko kideak, 77 altxaldi egin zituen eta Anderrek 66.
XV. San Fermin Motozerra Saria ere jokatu zen atzo sanferminetan eta honetan Oieregiko Esteban Arrutik parte hartu zuen. Hirugarren sailkatu zen, sei puntu jasota.