Ez da Iruritako ordezkaririk izanen laxoa txapelketako finalerdietan

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 16a

Finalerdietako itzulerako bi partidak Arraiozko plazan jokatuko dira. Artxiboko argazkia

Uztailaren 20an jokatuko dituzte joaneko partidak

Asteburu honetan jokatu dira Baztan-Errekako XXXIV. Laxoa txapelketako final laurdenetako itzuliko azken partidak eta dagoeneko erabakiak gelditu dira finalerdiak. Ezustekorik handiena, beharbada, azkeneko hiru txapelketak irabazi dituen Iruritako ordezkaririk ez dela izanen final aurreko horietan.

Asteburu honetan jokatu dira Baztan-Errekako XXXIV. Laxoa txapelketako final laurdenetako itzuliko azken partidak eta dagoeneko erabakiak gelditu dira finalerdiak. Ezustekorik handiena, beharbada, azkeneko hiru txapelketak irabazi dituen Iruritako ordezkaririk ez dela izanen final aurreko horietan.

Izan ere, Iruritak hiru talde sartuak zituen final laurdenetan. Irurita Ck joaneko partidan 5-9 galdu zuen Arraioz Bren kontra etxean eta Arraiozen ere 9-2 galdu zuen.

Irurita Ak, aldiz, 9-7 irabazi zion Doneztebe Ari joanekoan, baina itzulerakoan, Bear-Zana pilota plazan gehiago izan ziren Doneztebekoak eta 4 joko bakarrik egin zuten iruritarrek.

Kanporaketa berdinduena Irurita Bk eta Arraioz Ak jokatu zuten. Joanekoan, ustez nahiko bideratua utzi zuen Iruritako taldeak 9-5 irabazita, baina Arraiozen emaitza berbera errepikatu zen, oraingoan etxekoen alde. Beraz, desenpatea hiru jokora jokatu eta hiruak Arraioz Ak irabazi zituen.

Iruritako ordezkaririk gabeko final laurden bakarrean, Oiz nagusitu zaio Doneztebe Cri. Donezteben jokatutako joaneko partidan 4-9 irabazi zuten oiztarrek eta etxeko lanak ere egin zituzten, 9-6 irabaziz.

 

Finalerdiak uztailaren 20an eta 28an

Uztailaren 20an, larunbat arratsaldean jokatuko dituzte finalerdietako joaneko partidak. 16:00etan Oiz eta Arraioz Aren arteko partida jokatu da Oizen eta 18:00etan Doneztebe A eta Arraioz Bren artekoa Bear-Zanan.

Itzulerako norgehiagokak uztailaren 28an, igandearekin jokatuko dituzte Arraiozen. Goizeko 11:30ean Arraioz A eta Oizen artekoa eta 16:00etan Arraioz B eta Doneztebe Aren artekoa.

Finala, berriz, abuztuaren 3an jokatuko da Doneztebeko Bear-Zana pilotalekuan 17:30ean. Aitzinetik, goizeko 11:30ean, hirugarren posturako lehia jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun