AHTren Lapurdiko zatia ez egitea erabaki du Frantziako Gobernuak, guttienez 2030ra arte ez. Hala, Gobernuak Mugikortasuna 21 txostenak eskainitako aukerekin bat egin du. Gobernuak udazkenean garraiorako azpiegituren egitasmoen artean ebaluaketa eta hautaketa bat egiteko izendatu zuen Mugikortasuna 21 komisioa, eta komisio honek Bordele eta Hendaia arteko AHTaren eraikuntza 2030era arte bederen gibeleratzeko gomendioa eman zion Gobernuari. Jean Marc Ayraul Frantziako lehen ministroak aste honetan adierazi du Mugikortasuna 21ekin bat egin dutela, eta Lapurdiko zatiak lehentasunik ez duela iritzita, 2030era arte bederen ez da eginen. Dena den, orain eginen ez diren proiektuak ikertzen segituko dute, eta bortz urtetik behin aztertuko dute zertan diren egitasmoak. Beraz, proiektuarentzat ate bat irekita utzi du.
Hendaia eta Bordele arteko trenbide zatia gure eskualdetik ere pasatzea aurreikusia zegoen, Senpereko lurretatik, zehazki.