Igandean master mailako lasterketa jokatu zen Errioxako Haro herrian eta Iñaki Villoria iruritarra izan zen helmugaratzen bizkorrena. Gisa honetara, Transbidasoa-Sinertecnic-Euromaster taldearentzako denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen. Podiumean bere taldekide Ion Zeberio ondoan izan zuen, hirugarren sailkatu baitzen. Txutxin Fernandez seigarren postuan helmugaratu zen eta Luziano Mitxelena lesakarra 18. postuan. Emaitza horiekin, taldekako garaipena ere eskuratu zuten. Horrez gain, Iñakik mendiko sailkapena ere irabazi zuen eta master 60, master 40 eta senior mailetan ere garaile izan ziren.
Lasterketa osoan ihesaldi saiakera guztietan izan ziren taldeko txirrindulariak. Horietan lehendabizikoa 7. kilometrotik lasterketa erdira bitartekoa izan zen eta hor Ion Zeberiok bertze hiru txirrindularirekin batera, lehia polita mantendu zuen. Gero, berriz, Iñaki Villoria abiatu zen erasoan. Tropel nagusian inork ez zuen erakutsi Iñaki eta bertze bi iheskideak harrapatzeko indarrik eta gainera, hiru minutu inguruko abantaila lortu zuen iruritarrak bertze iheskideak gibelean utzita. Azkenean, iruritarra bakarrik ailegatu zen Villalba de Riojan zegoen helmugara. Gibeletik zortzikote bat helmugaratu zen eta tartean ziren Zeberio eta Fernandez, iruritarraren taldekideak. Hurrengo taldean, tropelaren aitzinetik, Mitxelena ailegatu zen helmugara.