Iñaki Lizaso doneztebarrak erremonte profesionala uztea erabaki du eta erremontista gisa bere azken partida abuztuaren 10ean jokatuko du Hernaniko Galarreta frontoian. Bitartean ez du partida ofizialik jokatuko. Asteburuan Nafarroako jarraitzaileak agurtzeko aukera izan du, igandean, San Fermin Egunean, Uharteko Euskal Jai Berri pilotalekuan jokatu baitzuen bere hondarreko partida Nafarroan. Lehia horretan Urriza izan zuen ondoan doneztebarrak, eta Ezkurra eta Etxeberria III.aren aurka aritu ziren. 40-37ko markagailuarekin Urriza eta Lizaso nagusitu ziren. Doneztebeko atzelaria ongi aritu zen, zortzi tanto egin zituen peloteoan eta bi saketik.
Joan den asteazkenean, San Fermin Torneoaren aurkezpena egin zen egunean, eman zuen Lizasok erabakiaren berri hedabideen aitzinean: 21 urte eman ditu erremonte profesionalean eta orain, 40 urterekin, uztea erabaki du. Malko artean eta hunkituta eman zuen agurraren berri doneztebarrak eta denendako esker oneko hitzak izan zituen: jarraitzaileentzat, hedabideentzat, enpresarentzat eta batez ere, azken 20 urteotan ondoan izan dituen erremontista lagunentzat.
Ibilbide oparoa
1992ko azaroaren 27an debutatu zuen Hernaniko Galarreta frontoian Lizasok eta geroztik hainbat izan dira lortutako garaipenak. 2000an Kasino Kursaal torneoa irabazi zuen banaka; 1999an, 2001ean, 2004an eta 2005ean torneo berean azpitxapeldun izan zen; San Fermin Torneoan banakako txapelketa irabazi zuen 1998an, baita binaka ere 1998an eta 2001ean; Euskal frontoiaren XXV. urteurreneoko torneoan ere txapeldun izan zen 2002an; Labriteko Eguberrietako Txapelketan azpitxapeldun izan zen 2004an; Faustino Txapelketan binaka irabazle izan zen 2007an, eta Agoitzeko binakako txapelketan azpitxapeldun 2009an.