Nafarroako herri kirol txapelak jokoan izanen dira Iruñeko Sanferminetan

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 5a

Herri kirol saioek ikusmin handia pizten dute Iruñeko Sanferminetan. Nafarroako txapel aunitz ere bertan erabakitzen dira. Artxiboko argazkia

Heldu den astelehenetik aitzinera, eguerditan izanen dira saioak Foru Plazan

Urtero bezala, herri kiroletako hainbat txapelketa jokatuko dira Iruñeko sanferminetan. Saio guztiak 12:00etan hasiko dira Foru Plazan eta tartean, kasik egunero, erakustaldiak ere eginen dira.

Urtero bezala, herri kiroletako hainbat txapelketa jokatuko dira Iruñeko sanferminetan. Saio guztiak 12:00etan hasiko dira Foru Plazan eta tartean, kasik egunero, erakustaldiak ere eginen dira.

Uztailaren 8an Nafarroako Arpana Txapelketak jokatuko dira, bai lehenengo mailakoa baita emakumezkoena ere. Gizonezkoetan ez da eskualdeko ordezkaririk izanen, bai ordea emakumezkoetan: Nerea Sorondo eta Amaia Garcia beratarrak, gaur egungo txapeldunak eta Aresoko Leire Astiazaran eta Itxaso Onsalo.

Uztailaren 9an Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketak jokatuko dira, gizonezkoena zein emakumezkoena. Gizonezkoetam Josetxo Urrutia eta Lazaro Bujan leitzarrak eta Berako Herri Kirol Taldeko Aritz Izuzkiza izanen dira eskualdeko ordezkariak. Emakumezkoetan, Xanta Souza lesakarra eta Maika Ariztegi eta Nagore Diaz iturendarrak. San Fermin Motozerra Saria ere egun horretan jokatuko da eta bertan ariko da Oieregiko Esteban Arruti.

Uztailaren 10ean Nafarroako hirugarren mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da. Joxean Etxeberria (Ziga), Migel Angel Etxeberria (Beintza-Labaien), Mieltxo Mindegia (Zubieta) eta Mikel Zabaleta (Leitza) ariko dira, bi kanaerdiko mozten, bertze sei aizkolarirekin batera.

Uztailaren 11n kadete mailako Nafarroako Arpana Txapelketa jokatuko da. Basaburua-Baztango Eneko Irigoien eta Ekaitz Maritorena ariko dira, Andra Mariko bertze bi bikoteren kontra.

Uztailaren 12an Nafarroako Lasto Altxatze Txapelketaz gain, gizonezkoen Txinga Eramate Txapelketa jokatuko da. Lasto altxatzen partehartzaile guziak eskualdekoak izanen dira: Etxalarko Javier Galarregi eta Igantziko Eneko Telletxea eta Arkaitz Retegi. Txinga eramaten, aldiz, ez da eskualdeko ordezkaririk izanen.

Uztailaren 13an Nafarroako Harrijasotze Txapelketa eta emakumezkoen Txinga Eramate Txapelketa jokatuko dira. Harri jasotzen, Leitzako Josetxo Urrutia, Sunbillako Unai Bertiz eta Etxalarko Xabier Ariztegi “Santxin” izanen dira eskualdeko ordezkariak. Txinga eramaten txapelketan emakume guziak eskualdekoak edo eskualdeko taldeetan ari direnak izanen dira: Xanta Sousa (Lesaka), Leire Astiazaran (Baztan-Bidasoako GKK), Itxaso Onsalo (Areso), Nagore Diaz (Ituren) eta Maika Ariztegi (Ituren).

Uztailaren 14an, azkenik, Nafarroako Bikotekako Aizkora txapelketa eta Gurdi Altxatze Txapelketa jokatuko dira. Aizkoran, Floren Nazabal eta Ander Erasun, Jon Rekondo eta Donato Larretxea eta Antonio Senosiain eta Juanjo Lopez izanen dira bikoteak. Gurdi altxatzen, bertzeak bertze, Josetxo Urrutia (Leitza), Lazaro Bujan (Leitza) eta Joseba Petrirena (Bera) ariko dira.

Harrijasotze erakustaldiak emanen dio sanferminetako herri kirol saioei bukaera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun