Sanferminetako pala txapelketaren finala jokatu zen uztailaren 11n eta iaz bezala, Fusto eta Ibargarai izan dira txapeldun. Bortz set edo joko behar izan zituzten Gaubeka eta Luján-i irabazteko, partida ikusgarri eta gogor batean.
Partida gogorra izanen zela garbi ikusi zen lehenbiziko jokoan. 9-10 irabazi zuten Gaubeka eta Lujanek. Bigarrena 10-6 irabazi zuten Fustok eta Ibargaraik. Hirugarrengoan, berriz ere nagusitu ziren Gaubeka eta Lujan, 8-10. Partida berdintzea eta bosgarren jokoa behartzea lortu zuten laugarrengoan Fustok eta Ibargaraik (10-5) eta azkenekoan erraz nagusitu ziren 10-2, txapela bereganatuz.
Hirugarren posturako lehian ere bortz joko behar izan zituzten Altadill eta Imanolek, Urkijo eta Aierberi irabazteko.