20 urteko ibilbidearen ondotik erremontea uztea erabaki du Lizaso doneztebarrak

Ttipi-Ttapa 2013ko uztailaren 4a

San Fermin Torneoa aurkeztu zuten egunean eman zuen bere agurraren berri Lizasok. Joseba Zabalza/Bostok photo

Azken partida igandean jokatuko du Uharteko Euskal frontoian

Iñaki Lizasok erremontista gisa bere azken partida jokatuko du San Fermin Egunean Uharteko Euskal Jai Berri pilotalekuan. Malko artean eta hunkituta eman zuen agurraren berri doneztebarrak asteazkenean eta esker oneko hitzak izan zituen denendako. Azken partidan Urrizarekin osatuko du bikotea Lizasok, eta Ezkurra eta Etxeberria III.aren aurka jokatuko dute.

Iñaki Lizaso doneztebarrak erremontista gisa bere azken partida jokatuko du San Fermin Egunean Uharteko Euskal Jai Berri pilotalekuan. Asteazkenean San Fermin Torneoaren aurkezpena egin zen egunean eman zuen Lizasok erabakiaren berri hedabideen aitzinean: 21 urte eman ditu erremonte profesionalean eta orain, 40 urterekin, uztea erabaki du. Malko artean eta hunkituta eman zuen agurraren berri doneztebarrak eta denendako esker oneko hitzak izan zituen: jarraitzaileentzat, hedabideentzat, enpresarentzat eta batez ere, azken 20 urteotan ondoan izan dituen erremontista lagunentzat.

Azken partidan Urriza izanen du ondoan doneztebarrak, eta Ezkurra eta Etxeberria III.aren aurka jokatuko dute. Biak ere herritarrak eta biei ere besarkada beroa eman zien Lizasok agurraren berri eman zuenean. «Elkarren kontra jokatzen 20 urte daramatzagu eta azken partida ere zure kontra izanen da, Koteto». Horixe erranez eman zion besarkada hunkitutako Lizasok Ezkurrari. Hasiera batean, Zeberiorekin jokatu nahi zuen Lizasok, baina lesio bat tarteko Elduaingo pilotariak ezin izanen du Lizasorekin jokatu.

1992ko azaroaren 27an debutatu zuen Hernaniko Galarreta frontoian Lizasok eta geroztik hainbat izan dira lortutako garaipenak. 2000an Kasino Kursaal torneoa irabazi zuen banaka; 1999an, 2001ean, 2004an eta 2005ean torneo berean azpitxapeldun izan zen; San Fermin Torneoan banakako txapelketa irabazi zuen 1998an, baita binaka ere 1998an eta 2001ean; Euskal frontoiaren XXV. urteurreneoko torneoan ere txapeldun izan zen 2002an; Labriteko Eguberrietako Txapelketan azpitxapeldun izan zen 2004an; Faustino Txapelketan binaka irabazle izan zen 2007an, eta Aiozko binakako txapelketan azpitxapeldun 2009an.

San Fermin Torneoa

Uztailaren 6an, larunbatean, hasiko da San Fermin Torneoa Hernaniko Galarreta frontoian. Hiru bikote eta hirukote batek parte hartuko dute txapelketan: alde batetik, joan den urteko San Fermin Torneoko irabazleak izanen dira, Urtasun eta San Migel, bertzetik, binaka txapeldunak izan diren Urriza eta Barrenetxea IV.a, hirugarrenik Ezkurra eta Etxeberria III.a beteranoak eta azkenik Juanenea, Endika eta Ionek osatutako hirukotea. Hain zuzen horixe da aurtengo nobedadea, hirukote bat izanen dela tartean. Oriamendi2010 enpresatik adierazi dutenez, Juanenea debutatu berriari aukera eman nahi izan diote: «orain dela 35 egun debutatu zuen profesionaletan eta hirukotean parte hartzeko aukera eskaintzea, erakusten ari den maila onaren adierazle da».

Txapelketa ligaxka sistemaren bidez jokatuko da. Denek denen kontra jokatu beharko dute eta puntu gehien eskuratzen duten bi bikote edo hirukoteak finala uztailaren 13an jokatuko dute. Torneoko gainerako partidak uztailaren 7an, uztailaren 9an eta uztailaren 11n jokatuko dira Uharteko Euskal Jai Berrin. Aipatzekoa da, bertzalde, Iruñeko peñek parte hartuko dutela aurtengo San Fermin Torneoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun