Giro ederrean joan dira Doneztebeko San Pedro bestak. Ortziral arratsaldean, Itziar Irigoien Perurenak txistulari taldearen izenean botatako txupinazoaren ondotik besta giroan karrikaz karrika ibili ziren gazteak.
San Pedro egun handian, dantzen tradizioak fin bate zituzten. Eduardo Almandozek bandera dantzatu zuen hamekagarren urtez eta dantza taldeak Trapatan dantza luzea eta bertze ohiko dantzak eskaini zituen Meza Nagusiaren ondotik. Arratsaldean, Errekako dantzariek ikuskizun paregabea eskaini zuten, herriko musika talde eta Mendi Abesbatzaren laguntzarekin. Ehundaka lagunek gozatu zuten ikuskizunarekin Bear-Zana pilotalekuan.
Igandean, udal txikia osatu zen eta haurrei eskainitako eguna ospatu zuten. Izaro Aldabe izan zen alkate ttikia, Mikel Atxalandabaso bake-epaile, Michelle del Villar banderazaina eta Aimar Zestau, Janire Iribarren, Inmaculada Ibarrola, Irati Oiartzabal, Ander Berasategi, Iñaki Gonzalez, Yeray Legazkue eta Joseba Bengoetxea udal ttikiko zinegotziak.
Astelehenean Intzakardiko parkean egindako herri bazkariarekin eta hondarreko ospakizunekin akitu ziren San Pedro bestak Donezteben.