Nafarroako Gobernuak joan den abuztuan deitu zuen Lurreko Telebista Digitalean (TDT) Nafarroa osoan emititzeko lizentzia jasotzeko lehiaketa, baita tokiko lau lizentzia jasotzeko lehiaketa ere, hiru Iruñean eta bat Tafallan. Joan den ortziralean jakinarazi zuen lehiaketetara aurkeztutako proiektuen artean zein aukeratu dituen: zazpi telebista-proiektuetatik sei proposatu ditu eta tartean daude Xaloa Kultur Elkarteak aurkeztutakoak.
Nafarroa osoan emititzeko bi kanalen lizentzia zegoen jokoan eta horiek Xaloa Kultur Elkarteari eta Abian Komunikazioa SL taldeari esleitu dizkio Gobernuak. 2012ko martxoan, Canal 4 Navarra Digital SAk ikus-entzunezko zerbitzuen kudeaketarako zuen lizentziari uko egin zion eta horren ondotik egin zuen Nafarroako Gobernuak deialdi hau.
Iruña aldean emititzeko, hiru kanal zeuden jokoan eta horiek Xaloa Kultur Elkarteari, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeari eta Abian Komunikazioari esleitu dizkio. Tafalla mugapeko tokiko kanala, berriz, Zona Media Televisionentzat izan da.
Behin lizentziak esleituta, onartutako taldeek uztailaren 23rako eman beharko dute erantzuna, Gobernuaren proposamena onartzen duten ala ez adieraziz. Onartuz gero, urte bat edukiko dute proiektuan martxan paratzeko. Nafarroa mailako seinalea zabaltzeagatik urtean 100.000 euro baino gehiago ordaindu behar zaizkio Nasertic enpresari eta Iruñean seinalea zabaltzeagatik 20.000 euro baino gehiago Abertis enpresari. Aipatu, bertzalde, bi urteren buruan lizentzia saldu dezaketeela.
Joseba Igarabide Xaloa Telebistako arduradunak TTIPI-TTAPAri jakinarazi dionez, Nafarroako Gobernuarekin bilera eskatuko dute lizentzia batek zein bertzeak zein aukera dituen ikusteko.