Urdazubi eta Leitza ere zinearen lurraldean sartu dira

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 1a

Antolatzaileak eta udal ordezkariak, lehiaketaren aurkezpenean. Utzitako argazkia

Laburmetraia lehiaketan parte hartu behar dutenek gidoia abuztuaren 15a baino lehen aurkeztu behar dute

Nafarroako hamar herritan eginen diren hamar laburmetraia ikusgai izanen dira Nafarroa Zinearen Lurraldea lehiaketaren lehenbiziko edizioan. Nafarroako turismoa bultzatzeko antolatu den lehiaketa honetako bi filma Leitzan eta Urdazubin grabatuko dituzte.

Nafarroako hamar herritan eginen diren hamar laburmetraia ikusgai izanen dira Nafarroa Zinearen Lurraldea lehiaketaren lehenbiziko edizioan. Nafarroako turismoa bultzatzeko antolatu den lehiaketa honetako bi filma Leitzan eta Urdazubin grabatuko dituzte.

Ekainaren 27an egin zuten lehiaketaren aurkezpena Nafarroako Museoko ekitaldi aretoan eta Marcos Perera, lehiaketako zuzendariarekin batera, Carlos Erce Nafarroako Gobernuko Turismo eta Komertzio zuzendari nagusia eta Koldo Lasa, INAACeko zuzendari-kudeatzailea eta Navarra Film Comissioneko koordinatzailea izan ziren, baita herrietako udal ordezkariak ere (Andosilla, Uharte, Urdazubi, Iruña, Biana, Leitza eta Argedas). Urdazubitik, Santiago Villares alkatea eta Leitzatik Juan Mari Barriola zinegotzia izan ziren udal ordezkariak.

 

Lehiaketa bi fasetan

Lehiaketaren lehen fasean, partehartzaileek lehen gidoi proposamenak aurkeztu beharko dituzte abuztuaren 15a baino lehen. Epaimahaiak, aurkeztutakoetatik errodaje fasera pasatuko diren hamar gidoi aukeratuko dituzte. Laburmetraiak, montatuak eta bukatuak, urriaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira eta azaroan ikusgai izanen dira herrietako zine aretoetan.

Bigarren fasean erabakia hartuko du epaimahaiak. Lehenbiziko saria 2.500 eurokoa izanen da, bigarren saria 1.000 eurokoa, argazki onenarentzako 500 euroko hirugarren saria ere izanen da eta publikoaren saria, bertze 500 eurokoa.

Informazio gehiago: www.navarratierradecine.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun