Aritz Zubiri goizuetarra buruz buruko erremonte txapelketatik kanpo gelditu da, lehenbiziko partidan Matxin VI.aren kontra 27-30 galdu ondotik. Partida polita eta orekatua eskaini zuten, baina piloteoan gehiago izan zen Matxin VI (18 tantu egin zituen jokoan, eta 9 bakarrik goizuetarrak). Sakean, aldiz, hobe moldatu zen goizuetarra eta 11 tantu egin zituen hasierako pilotakadarekin (7 Matxinek).
Orain, Endika Urrutia saldiastarra eta Barrenetxea IV.aren arteko partidaren irabazlearen kontra ariko da Matxin VI uztailaren 23an, eta partida horren irabazlearen esperoan egonen da Juaristi, eskaileraburuan, uztailaren 27an jokatzeko txapelketa nagusirako txartela.
Koadroaren bertze aldean, Matxin III.ak eta Etxeberria IV.ak indarrak neurtuko dituzte uztailaren 4an. Uztailaren 20an, Gorka Urtasun iruritarra Agirrezabalaren kontra ariko da. Bi partida hauetako irabazleek elkarren kontra jokatuko dute Santiago egunez, uztailaren 25ean. Partida honetako irabazleak, Ionen kontra jokatu beharko du uztailaren 30ean, txapelketa nagusirako txartel baten bila.
San Miguelek ezin bikotearekin
Larunbateko Galarretako jaialdiko bertze partida interesgarria Julen San Miguelek bakarrik Etxabe II eta Agirrezabala bikotearen kontra jokatu beharrekoa zen. Hasiera batean bederen interesgarria zirudien, baina ez zen kolorerik izan. Doneztebarrak 8 tantu bakarrik egin zituen (8-30) eta markagailuak ongi erakusten du izan zen aldea.