Lan publikoaren alde eta pribatizazioaren kontra elkarretaratzea egin zuten inguru honetako basozainek ekainaren 27an, ortzegun goizean, Bertizko Natur Parkearen atarian.
Kontzentrazioan aipatu zutenez, «ekainaren 7an GAN enpresa publikoan (lehenagoko Viveros y Repoblaciones de Navarra) Lan Erregulazio Espedientea aurkeztu zuten. ERE honek langileen %55 kaleratzea planteatzen du, hau da 65 langile finko kanporatzea eta hauei gehitu behar zaie lehendik bidaliak izan diren ebentuak guziak».
Enpresa publiko hau lanean ari da 1982etik eta galerarik eta arazorik gabe aritu da orain arte. «Orain badirudi administrazioa mehetu nahi horretan enpresatik kanpoko zorrak (Los Arcoseko zirkuitua, Sanferminetako museoa…) nahi dizkiote sartu gobernutik eta aitzakitako erabili». Basozainek eman dituzten datuen arabera, «enpresa publiko guzien zorraren %2a du GANek, baina kaleratze guzien %50a sufritu behar du».
Lan publikoa hondatu eta pribatizarioaren alde egiteko bertze pauso bat iruditzen zaie basozainei. «Gure kasuan, 13 basozain postu amortizatu dira aurten, postu hauek desagertu dira betirako, eta orain erretiratzen diren basozainen postuak ez dute betetzeko inolako asmorik».
Beraien lan arloa, osasuna edo hezkuntza bezain beharrezkoa edo garrantzitsua ez dela onartu arren, «bai uste dugu ingurumenaren zainketa eta gestioa ez dela esku pribatuetan utzi behar inolako kontrolik gabe».