Txantxangorri ehiza elkarteak urteko batzarra egingo du, bide eta postuen lanekin hasteko eta diru-sarrerak eta gastuak onartzeko.
Aspaldiko garaietatik ehiza izan da ezkurrarren “kirol” edo afiziorik ohikoena. Florencio Idoate Iraguiren Rincones de la Historia de Navarra liburuan ager denez, Ezkurrakoek ehiztari onen fama izaten zuten eta jauntxoek gonbidatzen zituzten ehiza-ateraldiak gidatzera.
XVI. mendean hartzak bazeuden inguruan. 1549an hartz haundi batek 50 zerri hil zituen eta herriak dirutza ordaindu zien bi ehiztari adituri hura hiltzeko. Hartza zulo izeneko kobazuloa ere bada. Udal artxiboan animali “kaltegarriak” hiltzeagatik ordaindutako sarien berri ematen duen agiria bada. 1.500 pezeta ordaindu ziren otso bat hiltzeagatik eta 200 azeri batengatik. Halere, sari gehienak sugeak edo zapelatzak hiltzegatik ematen ziren. 1959an, ehiztari elkarteak eskari bitxia egin zuen, abelzaintza, ehiza eta arrantza kaltetzen zuten animali izurriteak desagertarazteko batzordea osatzea eskatuz. Eskariaren arabera, alkateak, apezak, maisuak, bi ezkurrarrek eta bi ehiztarik osatuko lukete. Garaiak aldatu dira eta orain, sarien ordez zigorrak izaten dira animali hauek hiltzen dituztenentzat.