Duela egun batzuk Basakaitz ingurutik ibiltzeko aukera izan nuen, Tito Gorostiaga lagunarekin batera. Inguru hori natural-natural mantentzen da, ia ukitu gabe. Hiru orduz egin daiteke itzulia, bide zoragarri batetik, zortzi ur-jauzi baino gehiago dituen erreka ondoan: horietatik bik 50 metro baino gehiagoko eroria daukate eta beste bi zuzenean ateratzen dira menditik, bidea zeharkatuz.
Alemaniako Oihan Beltzaren inbidiarik ez duen baso xarmangarriak bere kondairak eta istorioak ere baditu, lamiak bizi omen zireneko kobazuloa ba omen du eta. Lamirik ez, baina argazkian ageri den metro terdiko sugearekin topo egin genuen txangoan. Tito Gorostiagak bere makilean abildadez jarri zuen eta gero aske utzi zuen sugetzarra, hainbat euri egunen ondotik atera zuen eguzkiaz gozatzeko aukera izan zezan.