Errekaren Egun zoragarria izan zen ekainaren 8koa. Ortziraletik izan ziren ekitaldiak, eta bereziki larunbatean egun bikaina izan zen. Pilota, judoa, mendia, dantza eta eskubaloia uztartu zituzten, Elkartearen sekzio guztien lana plazaratzeko. Ortziralean, Igor Agestak mendi eskaladari buruz emandako proiekzioaren ondotik, mus txapelketa jokatu zen. 29 bikote aritu ziren eta Nuria eta Imanolek eraman zituzten bi urdaiazpikoak etxera, finalean Eduardo Oiartzabal eta Juan Mari Artazkoz-i irabazita. Larunbat goizean ttikienen mailako eskubaloi partida ederrak ikusteko aukera izan zen. Eguerdian erakustaldia eskaini zuen Judo Eskolak. Arratsaldean benjaminen eskubaloi partida eta gero jende aunitzek espero zuen partida jokatu zuten aurten jubeniletan aritu direnek Errekako jokalari ohi beteranoen kontra. “Zaharrak” aitzinetik ibili ziren kasik partida osoan, baina azkenean Txomin eta Iban Mindegiak prestatutako gazteen sasoia nagusitu zen. Gero, Triangular haundia jokatu zen Erreka A, Erreka B eta Izarren Taldearen artean. Azken honetan ezin izan zuen Niko Mindegiak jokatu, Espainiako selekzioarekin konbokatua baitzegoen. Partidak hasi baino lehen, omenaldia eskaini zitzaion aurten kopan txapeldun eta ligan azpitxapeldun izan den infantilen taldeari. Gero, Errekako jokalariek koadro bana eman zioten azken bi urteetan entrenatzaile izan diren Felipe Ganboa, Patxiku Ganboa eta Luismi Apezetxeari. Partiden artean Errekako dantzariek erakustaldia eskaini zuten eta hainbat zozketa ere egin ziren. Santa Luzia Plazako karpan egindako herri afarian 130 bat lagun bildu ziren. Bertze omenalditxo bat ere egin zen afarian, Jabiertxo Almandoz diruzainaren lana eskertuz.