Orain dela 5 urte etxeko konpostaren inguruan kanpainak egiten hasi zen Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatea. Joan den urtean bertze pauso bat eman nahi izan zuen eta auzoko konpostarekin hasi zen. Horrela, pisuetan bizi den jendea eta lur zati bat ez duten familiei konposta egiteko eta beraien hondakin organikoak birziklatzeko aukera ematen zaie.
Hori dela eta, 2012ko ekainean lehenbiziko puntua paratu zen Berako Xubi-xabal auzoan. Hiri Hondakinen Mankomunitatetik jakinarazi dutenez, «12 familiekin hasi ginen eta jada 20 familia inguru izanen gara. Ekainaren 11n, urtea pasatu eta gero, parte hartzen ari diren familien artean konposta banatu genuen. Konposta hau idortzen utzi dugu eta gero galbahetik pasa oraindik eginda ez dauden hondakinak bereizteko eta berriz ere konpostontzian sartzeko. Guztira 84,5 kilo konpost banatu ziren eta jendea hagitz kontent agertu zen».
AUZOKO KONPOSTONTZI GEHIAGO BERAN ETA LESAKAN
Bertzalde, orain dela bi hilabete bertze hiru auzotan paratu ziren konpostontziak hor bizi diren bizilagunek konposta egiten hasi ahal izateko. Bi Berakoak dira eta hirugarrena Lesakakoa. Beran Iturlandeta karrikan eta Burga plazan paratu ziren eta Lesakan, berriz, Bittiria karrikan.
Guztira, lau puntuen artean, 70 familia inguru gehiago konpostatzen ari dira hondakin organikoak. Denera, 180 lagun inguru izanen dira Bortzirietan, beraz, urtean 13 Tona hondakin organiko inguru biltzen ahal dira. HorrelaTona hauek ez dira bildu, Iruñera garraiatu eta han uzteagatik tasa ordaindu behar. Beraz, konposta egiteak onura aunitz ditu, bai ekonomikoak bai ekologikoak. Gainera, argazkian ikusten den bezala, hagitz kalitate oneko konposta ateratzen da gure lore eta baratzetan erabili ahal izateko.