Kutxa 2013 buruz buruko erremonte txapelketarako bi txartelen bila lehiatuko dira hamar erremontelari: Aritz Zubiri goizuetarra, Endika Urrutia saldiastarra, Gorka Urtasun iruritarra, Matxin VI, Barrenetxea IV, Etxeberria IV, Matxin III, Agirrezabala, Ion eta Juaristi. Lehenbiziko partida, Zubirik jokatuko du Matxin VI.aren kontra ekainaren 29an, larunbatean Galarretan.
Zubiri itxaropentsu
Goizuetarra itxaropentsu dago larunbateko partidaren esperoan, hori jokatu ahal izateko beste bi partida irabazi behar izan baititu. Etxabe II espezialistari 30-28 irabazi zion. «Biek egoera berean gatoz eta irabazteko nere onena eman beharko dut. Matxin VI ongi egokitzen da buruz burukora eta zail izanen dut aurrera segitzea» aipatu du goizuetarrak. Txapelketa berdindua ikusten du eta ez du sorpresarako aukera baztertzen: «buruz buru edozeinek izan dezake egun txarra eta kanpoan zaude. Sorpresak egunero gertatzen dira eta ez dut faborito argirik ikusten Kutxa txapelketan sartzeko».
Aritz Zubirik hobekuntza nabarmena egin du azken urteetan eta bizpahiru hilabetez B multzoko pilotari onena izendatu du Oriamendik bere rankingean. Horretarako sekreturik ez dagoela aipatu digu goizuetarrak, «entrenatu eta entrenatu besterik ez dut egin. Praktikatu, orduak sartu frontoian eta hobetzen saiatu. Urte hasieratik buruz burukoan ere entrenatzen aritu gara taldetxo bat eta horren emaitza ailegatu da».
Koadroaren alde berean, Endika Urrutia saldiastarra Barrenetxea IVaren kontra ariko da uztailaren 18an. Bi partida hauetako irabazleak elkarren kontra ariko dira uztailaren 23an eta partida horren irabazlearen esperoan egonen da Juaristi, eskaileraburuan, uztailaren 27an jokatzeko txapelketa nagusirako txartela.
Koadroaren bertze aldean, Matxin III.ak eta Etxeberria IV.ak indarrak neurtuko dituzte uztailaren 4an. Uztailaren 20an, Gorka Urtasun iruritarra Agirrezabalaren kontra ariko da. Bi partida hauetako irabazleek elkarren kontra jokatuko dute Santiago egunez, uztailaren 25ean. Partida honetako irabazleak, Ionen kontra jokatu beharko du uztailaren 30ean, txapelketa nagusirako bertze txartelaren bila.
Kutxa txapelketarako bi txartel
Beraz, aurresailkapen fase honetako azken partidetako bi irabazleek lortuko dute buruz buruko Kutxa txapelketa nagusian jokatzea. Han esperoan dituzte erremonteko izar nagusiak: Javier Urriza, Julen San Miguel, Koteto Ezkurra eta Patxi Zeberio.
Julen San Miguel bakarrik bikotearen kontra
Aritz Zubirik Matxin VI.aren kontra larunbatean jokatuko duen txapelketako partida ez da Galarretako jaialdiko erakargarri bakarra. Oriamendi 2010 enpresak Galarreta berriz ere ireki zuenetik hirugarren urteurrena ospatuko du partida berezi batekin. Julen San Miguel doneztebarra bakarrik ariko da, Etxabe II eta Agirrezabalak osatutako bikotearen kontra.