Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Herri Kirol Torneoaren bigarren eta azken jardunaldia jokatu zen ekainaren 30ean Uharten. Andoni Lazkanotegi kadete mailako koxkor biltze txapelketan, Berako taldeko Aritz Izuzkiza ingude altxatzen, Xabier Ariztegi “Santxin” etxalartarra harri jasotzen eta Amaia Garcia eta Nerea Sorondo beratarrak arpanan izan dira eskualdeko txapeldunak.
Kadete mailako koxkor biltze txapelketan, Berriozarko Oier Etxeberria nagusitu zen Uharteko saioan (3:23.16). Sei segundu eskas gehiago behar izan zituen Andoni Lazkanotegik, baina lehenbiziko saioko denborari esker, beratarra izan da txapeldun. Asier Goia beratarrak ez zuen Uharten parte hartu.
Helduen koxkor biltze txapelketan berriz, lehenbiziko saioan garaile suertatu zen Fernando Etxegarai beratarrak ez zuen parte hartu Uharten. Berriozarko Eder Goldarazenak irabazi zuen Uharten (6:40.89) eta beretzat izan zen txapela. Ondotik sailkatu ziren Elizondoko Iñaki Telletxea (7:01.21), Anizko Unai Iantzi (7:09.00) eta Etxalarko Andoni Lasaga (7:11.36).
Ingude altxatzen, Berako taldeko Aritz Iruzkizak 57 altxaldi egin zituen eta beretzat izan zen txapela. Gibelean utzi zituen Auzako Ander Iribarren eta Berriozarko Imanol Martin eta Iker Lizarraga.
Harri jasotzen, Josetxo Urrutia leitzarrak ez zuen parte hartzerik izan Uharten. Lehenbiziko saioan, leitzarrarekin berdindu egin zuen Xabier Ariztegi “Santxin” etxalartarrak eta Uharten bera izan zen nagusi, 3.375 kilo altxatuta. Zilindroari 11 altxaldi, kubikoari 8 eta bolari 11 eman zizkion. Xabier Igoa bigarren izan zen, 2.600 kilo altxatuta. Beraz, txapela etxalartarrarentzat izan zen.
Zakulari lasterketan, Uharten Oltzako Zendeako taldea nagusitu zitzaion Berriozarkoari segundu batengatik, baina txapela Berriozarrera joan zen, lehenbiziko saioan alde handiagoa atera zuelako.
Emakumezkoen arpana txapelketan, Berako Amaia Garcia eta Leire Astiazaran gipuzkoarra nagusitu ziren Uharten, Eltsoko Ainhoa Iraizoz eta Ana Iraizozen aitzinetik. Lehen saioan Nerea Sorondo beratarra aritu zen Amaia Garciarekin, baina bigarrenean ezin izan zuen parte hartu. Halere, txapela hiruentzat da.
Txinga eramaten, azkenik, Iberoko Adrian Berruezo izan zen onena, Berriozarko Oskar Aguas, Larragetako Alberto Oteiza eta Aldatzeko Xabier Igoaren aitzinetik. Josetxo Urrutia leitzarrak eta Lyuben Manov-ek ezin izan zuten parte hartu bigarren jardunaldian, beraz, Adrian Berruezok jantzi du txapela.